Enirio-Aralar Mankomunitateak hainbat lan egin ditu Aralarren artzainen txabolak hobetzeko eta mendiko kudeaketan aurrerapausoak emateko; zehazki, «ingurunea kontserbatzea» da lanen helburua, eta abeltzaintzaren jarduera tradizionala zein mendiko azpiegituren mantenua uztartuz gauzatu dituzte. Mankomunitatetik nabarmendu dute «konpromiso sendoa» erakusten dutela ekimen horiek paisaia eta ekosistemak sendotzeko, lurzoruaren higadura murrizteko eta artzaintza zein abeltzaintza jasangarria bermatzeko.
Lurzorua kontserbatzeari dagokionez, martxoan 400 zuhaitz landatu zituzten Oiduin, Errenagan eta Saligainen, eta ekimena Eusko Jaurlaritzako Natur Ondarearen eta Aralarko Natur Parkeko zuzendaritzaren laguntzarekin zein Arizmendi negutegiko arduradunen aholkularitzarekin gauzatu zuten. Ikerkuntzarako erabili diren itxiturak baliatu dituzte gorostiak, astigarrak eta bestelako tokiko espezieak landatzeko eta biodibertsitatea berreskuratzeko; eta udan bi hektareako itxitura egingo dute «paraje malkartsuan». Aipatutako helburuekin batera, lurraren higadura gutxitzea da landaketa berrien xedea, eta baita «segurtasun baldintzak» hobetzea ere, ganadua amiltzea saihesteko. Horrez gain, abereek ura edateko erabiltzen dituzten asken inguruan higadura arazoak konpontzeko «txukuntze eta egonkortze» lanak ere egingo dituzte.
Gauzatutako lanen artean azaldu dute Arritzagako ekimena ere. Proiektu horretan hezkuntza, artzaintza eta kontserbazioa uztartu dituzte Amezketako Udalak, eskolak, Enirio-Aralar Mankomunitateak eta Buruntzuzin Mendi Elkarteak elkarlanean. 6. mailako haurrek zuhaitz bana landatu ohi dute urtero, eta, Arritzagan, 0,2 hektareako itxitura egin dute; ardiak pasatzeko moduko garaiera eman
diote, landaketak babestea helburu.
Txaboletako lanak
Berrikuntza eta egokitze lanak egin dituzte Aralarko zenbait txaboletan ere. Batetik, Intzentsao III txabolaren saneamendua hobetzeko fosa septiko berria jarri eta hoditeria berritu dute. Bestetik, ura berotzeko instalazio berriak jarri dituzte Beltzulegi, Elutseta, Goikoa, Pagabe I, Txutxuta eta Kobaurre txaboletan. Eta, hari berari tiraka, ekonomika berria jarri dute Goroskintxuko txabolan.
Bestalde, argindarraren azpiegitura hobetu dute Koaurre eta Doniturrieta Azpikoa I gaztandegietan; eta 630 hesola eta 329 taula entregatu dituzte ardi eskortak konpontzeko Orabiel, Goroskintxu, Esnaurreta I, Esnaurreta II, Intzentsao II, Intzentsao III, Doniturrieta Azpikoa I, Doniturrieta Azpikoa II eta Doniturrieta Garakoa I txaboletan.
Landa eta azpiegitura
Belardien kontserbazioari dagokionean, 60 hektareatan xehatze lanak egin dituzte Oidui eta Esnaurreta inguruan ote eremu jarraituak eteteko eta «mosaiko itxurako» paisaia sustatzeko. Horrekin batera, ganaduaren bidez belardiak mantentzeko estrategia ere garatu dute: gatzarrien eta ur asken kokapena erabili dituzte ganaduari joera zehatzak sortzeko eta belardiak egoera onean mantentzeko.
Uraren azpiegituren inguruan, berriz, Igaratzako ur biltegia bertako askarekin lotu dute, erreserba lanak egin ditzan; eta Pagabeko inguruan hiru aska jartzeko lanak ere egin dituzte.
Auzolana oinarri
Mankomunitateak auzolanean garatzen ditu jarduera gehienak, eta horrela gauzatu dute Arritzagako bidearen egokitzapenaren bigarren zatia eta oinezkoentzako zubia. Horrez gain, iaz Malloetako itxitura berritzean sortutako hondakinak pilatu dituzte helikopteroz jaisteko, zaborra bildu dute biderik gabeko txabolen inguruetan eta Napar iturriko presa eta ganaduen ur askak ere garbitu dituzte.
Horrekin batera, ura hartzeko gune berriak egin dituzte Zotaleta inguruan, eta mantenu lanak egin dituzte, batetik, mendizaleentzako iturrietan eta, bestetik, mendiko uren azpiegituretan, lehortearen ondorioak arintzeko. Bestalde, helikoptero bat kontratatu du mankomunitateak zenbait material irisgarritasun gabeko guneetara garraiatzeko. Irisgarritasunik gabeko lekuetara materiala eramateaz gain, itzulerako hegaldietan txabola inguruetan eta mendi magaletan pilatutako zaborra jaitsiko du, horrela mendiko garbitasuna eta kontserbazioa hobetzeko.