Nazioartekotzea da, 2028ra arteko lau urteko Proiektu Estrategikoaren barruan, Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuak ezarrita duen helburuetako bat. Horregatik, aurtengo ikasturtean ere, atzerriko ikastetxe, erakunde eta enpresekin hainbat ekimen garatu dituzte. «Gizartea gero eta globalizatuagoa da, eta, horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu beste herrialdeetako erakundeekin harremanak sendotzea», azpimarratu du Juan Luis Nazabal Tolosaldea LHIIko Nazioarteko Proiektuen koordinatzaileak.
Tolosaldea LHII Innotecs International Network of Technical Schools Europako lanbide heziketa teknikoko ikastetxeen nazioarteko sareko kidea da. Sare horren bidez, ikastetxeek beste herrialde batzuetako zentroekin harremanak egiten dituzte, Erasmus+ proiektuetarako bazkideak bilatzen dituzte, ikasle eta irakasleen mugikortasuna sustatzen dute eta, batez ere, berrikuntza pedagogikoari lotutako esperientziak partekatzen dituzte.
Aldi berean, Tolosaldea LHIIk argi du Europako hezkuntza-politiketan eragin behar dela; horregatik, sektorearen ordezkaritza egiten duen EfVET erakundean ere parte hartzen du. Euskadi mailan, berriz, Ikaslan Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen elkarteko kidea da, beste dozenaka ikastetxerekin batera, nazioartekotzean aurrerapausoak ematen laguntzeko.
Praktika onak ezagutuz
Nazioartekotzeari eta Erasmus+ programari esker, aurten Tolosaldea LHIIko 30 ikaslek —15 erdi mailakoek eta 15 goi mailakoek— hiru hilabeteko praktikaldiak egin dituzte atzerrian. Italia, Txekiar Errepublika, Polonia, Irlanda, Suedia, Eslovenia, Portugal eta Kroazian izan dira. Kimika, administrazioa, mekatronika, kirola, informatika, diseinua, elektrizitatea eta galdaragintza arloetako ikasleak aritu dira egonaldi horietan.
Erdi mailako kiroletako, galdaragintzako eta elektrizitateko beste bost ikaslek, berriz, praktikaldi motzagoa egin dute Italiako Brescian.
Bestalde, 2025-2026ko ikasturtean, astebeteko edo egun gutxi batzuetako mugikortasunak ere egin dituzte. Elektrizitate arloan, esaterako, irakasle bat Norvegiako Sykkylven vidaregåande skule ikastetxean izan da. Beste sei irakasle, berriz, Islandiako Borgarholtsskóli ikastetxean egon dira.
Europa iparraldeko herrialde horietara egindako egonaldien helburua bertako hezkuntza-sistemak ezagutzea eta han ikusitako praktika onak Tolosaldeko ikastetxera ekartzea izan da.
Elkartruke aberatsak
Tolosaldea LHIIn, ikasturte osoan zehar, beste herrialde batzuetako ikastetxeekin elkarlanean hainbat proiektu garatzen dituzte. Aurten, 64 mugikortasun egin dituzte: batzuk taldekakoak izan dira, eta beste batzuk, berriz, bakarkakoak. Horrez gain, 13 bisita jaso dituzte Tolosaldean; Herbehereetatik, Italiatik, Frantziatik, Reunion uhartetik eta Lapurdiko Hazparnetik etorritako ikasle eta irakasleak izan dira.
Nazioarteko lankidetza horien adibide da Herbehereetako Koning Willem I College ikastetxearekin aurrez izan duten harremana. Ikaslanen bidez sendotu duten elkarlan horretan, urtero egiten dituzte informatikako ikasleen elkartrukeak. Aurten, dropshipping eredua ardatz hartuta garatu dute proiektua: martxoan, Tolosaldeko hamar ikasle eta bi irakasle Herbehereetan izan ziren astebetez, eta apirilean jaso zuten herbeheretarren bisita.
Informatikaz gain, aurten instalazio termikoen eta fluidoen mantentze-lanetako ikasleek ere parte hartu dute Koning Willem I College ikastetxearekin egindako beste elkartruke batean.
Horiek ez dira Herbehereetatik etorritako bakarrak izan. Groningako ROC Alfa College ikastetxeko kirol arloko bi irakasle eta 16 ikasle ere izan dira Tolosaldean. Herrialde laua izanik, mendiko jarduerak ezagutzea izan da haien egonaldiaren helburu nagusietako bat.
Ikastetxe beretik, gainera, mekatronikako bi irakasle eta zortzi ikasle ere etorri dira Tolosaldera. Aldi berean, Tolosaldea LHIIko mekatronika eta automatizazioko sei ikaslek eta bi irakaslek Groningako ikastetxea bisitatu dute.
Italiako Enna hiriko IPS Federico II ikastetxeko sei ikaslek eta hiru irakaslek ere egonaldia egin zuten Tolosaldean abenduaren hasieran. Mekanika izan zuten ardatz nagusi, baina mekatronika eta diseinua ere landu zituzten. Maiatzean, berriz, Tolosaldea LHIIko sei irakaslek itzuli zieten bisita, Italiako hezkuntza-sistema bertatik bertara ezagutzeko eta praktika onak behatzeko.
Martxoan, bestalde, Frantziako Toulongo Lycée Rouvière ikastetxeko bi irakasle eta sei ikasle izan ziren hiru astez hemen. Mekanikako tailerrean aritu ziren lanean, baina diseinuaren alorreko hainbat eduki ere ezagutu zituzten. Egonaldia baliatuz, eskualdeko hainbat enpresa bisitatu zituzten.
Tolosaldea LHIIk urteetako lankidetza du Reunion uharteko Lycée La Vue Belle ikastetxearekin ere. Elkartrukearen helburua merkataritzako ikasleei enpresetan praktikak egiteko aukera ematea da. Hala, urtarrilean eta otsailean, eskualdeko sei ikasle eta bi irakasle bi astez izan ziren uhartean. Apirilean, berriz, Reunionetik etorritako zortzi ikaslek eta bi irakaslek hemengo saltokietan egin zituzten praktikak.
Nazioarteko harremanez gain, Euskal Herrian bertan ere sustatzen dituzte elkarlaneko proiektuak. Urteak daramatzate Hazparneko San Josepe Lizeoko mekanizazioko eta informatikako ikasleekin lanean, eta aurten, lehen aldiz, mantentze-arloa ere gehitu diote elkarlanari.
KA2 proiektua
Elkartrukeez harago, Tolosaldea LHIIk nazioarteko proiektuen bidez bestelako balioak ere lantzen ditu. Horren adibide da Erasmus+ KA2 proiektua. Hezkuntza inklusiboa sustatzeko Europan garatutako ekimen horren barruan, azken bi urteotan Alemaniako eta Turkiako ikastetxeekin batera If We Don't Change, the World Will Change egitasmoa garatu dute. Klima-aldaketa, karbono-aztarna, ura eta hondakinen kudeaketa izan dira landutako gai nagusiak.
Irailean, Tolosaldeko bost ikasle eta bi irakasle Turkiara joan ziren eta hango ikasleekin batera karbono-aztarna nola murriztu aztertu zuten. Alemaniara, berriz, lau irakasle joan ziren proiektuaren garapena partekatzera eta esperientziak trukatzera.
Egitasmoari amaiera emateko, apirilean Alemaniatik eta Turkiatik etorritako hamaika ikasle eta zortzi irakasleren bisita jaso zuen Tolosaldea LHIIk. Egonaldian, erreka garbitu, garbigunea eta erraustegia bisitatu, eta Usurbilen zein Tolosan hondakinen kudeaketa nola egiten den ezagutu zuten.