Albaolak Euskal Herria ordezkatuko du Danimarkan egingo den Atlantic Challenge International txapelketan. Tripulazioa Euskal Herri osoko 15 eta 25 urte bitarteko 15 gaztek osatuko dute, tartean, eskualdeko hiruk, Oibar Olano asteasuarrak, Amets Arbelegi anoetarrak eta Gari Antxustegietxarte tolosarrak. Gaur bertan irtengo dira Danimarka aldera.
Taldearen buru Ane Miren Miralles eta Eider Arruti izango dira, prestakuntza, nabigazioa eta lehiaketan zehar tripulazioaren koordinazioa gidatuz. Roskilden (Danimarka) lehiatzeko
erabiliko duten ontzia Lafayette Bantry Yola izango da. Lehiaketa uztailaren 6tik 13ra bitartean egingo da. Itsas tradizio sendoa duten hainbat herrialdetako taldeak bilduko dira, besteak beste, Belgika, Kanada, Danimarka, Frantzia, Britainia Handia, Irlanda, Ipar Irlanda, Italia eta Estatu
Batuetakoak.
Basque Team taldearen itzulera
2026ko edizioak esanahi berezia izango du Euskal Herriarentzat; izan ere, Atlantic Challenge Internationalen euskal talde propio baten itzulera ekarriko du. Aurreko zenbait ediziotan euskal ordezkaritza egon bada ere, International Team delakoaren bidez —herrialde ezberdinetako gazteek osatutako taldea—, oraingoan berriz ere Euskal Herriak bere talde propioa izango du.
Gainera, topaketa 2016an euskal tripulazio oso batek azken aldiz parte hartu zuen hiri
berean egingo da, hamar urte geroagoko itzulera honen sinbolismoa indartuz.
Basque Team-en Atlantic Challengeko parte-hartzea Albaolak ia hiru hamarkadaz garatu duen eta jarraitzen duen misioaren parte da: itsastartasuna gure gizartearen nortasunaren funtsezko osagai gisa berreskuratzen laguntzea. Mendeetan zehar, itsasoa Euskal Herriko garapen ekonomiko, teknologiko eta kulturalaren eragile nagusietako bat izan zen. Denboraren joanean, ordea, lotura hori ahuldu egin zen, eta gizartea bere historiaren eta nortasunaren funtsezko zati batetik
urrundu zen.
Atlantic Challenge bezalako ekimenen bidez, Albaolak itsasoa belaunaldi berriei berriz hurbiltzeko lan egiten du. Nabigazio tradizionaleko teknikak ikasteaz harago, helburua gazteen artean itsas ondarearekiko interesa piztea, haien parte-hartzea sustatzea eta itsas kultura gaur egun ere bizirik dagoen errealitatea dela erakustea da; ezagutza, lankidetza eta aukera berriak sortzeko gai den errealitatea. Horrela, itsastartasuna ere indartzen eta etorkizunera transmititzen laguntzen da.
Kirol emaitzetatik harago, Lafayette ontziko tripulazioa euskal itsas kulturaren enbaxadore izango da, nazioarteko testuinguruan gure ondarea, tradizioak eta itsasoarekin izan dugun lotura historikoa ezagutaraziz. Topaketa aukera paregabea izango da beste kostalde batzuetako gazteekin harremanak sendotzeko, ezagutzak eta esperientziak trukatzeko eta itsas kultura tradizionalen
kontserbazioaren eta transmisioaren aldeko nazioarteko sare bat indartzeko.
Erronka honetan parte hartzeko prestaketa entrenamendu fisikotik harago doa. Tripulazioko kideek arrauna, bela bidezko nabigazioa, erreskate-maniobrak, orientazioa, sokagintza eta nabigazio tradizionalari lotutako bestelako teknikak landu dituzte. Era berean, zuzenean parte hartu dute lehiatuko diren ontziaren mantentze- eta prestaketa-lanetan.
Lafayette XVIII. mendeko Frantziako yola baten erreplika da, 2015ean Albaola Itsas Kultur Faktorian eraikia. Horri esker, itsasoan esperientzia eskuratzeaz gain, ontzia sakon ezagutzen eta zaintzen ikasi dute, eskulanari, erantzukizun partekatuari, autonomiari eta itsas ondarearekiko
errespetuari lotutako gaitasun praktikoak garatuz.
Talde guztiek ontzi mota berean lehiatzen dute: Bantry Yolan, XVIII. mendeko jatorri
frantseseko eta hamabi metroko luzera duen ontzian. Parte hartzen duen erakunde
bakoitzak bere ontzia eraiki eta bela nahiz arraun bidez gobernatzeko gai den tripulazioa
prestatu behar du.
Astean zehar, tripulazioek proben programa oso bati egin behar diote aurre. Programa
horrek beren gaitasun nautikoak, koordinazioa eta talde-lana aztertzen ditu. Txapelketak honako hauek biltzen ditu: arraun-estropadak, bela-nabigazioko probak, arraun- eta bela-ibilbide konbinatuak, nabigazio- eta orientazio-ariketak, maniobrak, uretako erreskateak, lemarik gabeko slaloma, korapilo probak... Abiaduraz gain, modalitate guztietan trebetasun teknikoa, ontziko komunikazioa eta nabigazio tradizionalaren ezagutza baloratzen dira.
Basque Team taldearen parte-hartzea Atlantic Challenge Internationalen Albaolaren sare sozial ofizialen bidez jarraitu ahal izango da. Bertan lehiaketaren garapenari buruzko informazioa argitaratuko da, baita taldearen Instagram kontuan ere: @aci_basqueteam.