Lau eta erdiko San Fermin Torneoko azken bi edizioetako txapeldunak dira Jokin Altuna eta Jon Ander Peña. 2024ko finala errepikatzeko aukera dute, eta horretarako, etzi Donostian jokatuko duten finalerdia irabazi behar dute. Amezketarrak Zabalaren aurka jokatuko du Asperen adarreko finalaurrekoa; tolosarrak, berriz, Lasoren aurka Baikoren adarrekoa.
Herenegun lortu zuen finalerdietara sailkatzea Altuna III.ak, Peio Etxeberriari 22-10 irabazita. Maiatzaren 2tik lehiatu gabe egon arren, partida bikaina jokatu zuen amezketarrak, eta lehen zatian hamar tanto jarraian eginda hautsi zuen neurketa. 15-3 aurreratu zen, eta amaierara arte nagusi izan zen. Guztira, 14 tanto egin zituen, eta aurkariak sei egin eta zortzi galdu zituen.
Peña II.ak, berriz, ostiralean lortu zuen finalaurrekoetarako txartela, Larrazabali 22-13 irabazita. Lehen zatia parekatua izan zen, baina 11nakoa izan zen azken berdinketa. Handik aurrera, erraz nagusitu zen tolosarra; batez ere min handia egin zuen sake-errematean. Finalerdietan aurkari izango duen Lasok 22-18 hartu zuen mendean Erik Jaka lizartzarra Gernikan jokatutako final-laurdenetako partidan.
Peñak eta Lasok laugarren aldiz jokatuko dute txapelketa honetan elkarren aurka. 2022an, 22-15 irabazi zion finalerdia nafarrak, eta urtebete lehenago, 22-17 menderatu zuen tolosarra final-zortzirenetan. 2024an, Peñak kanporatu zuen nafarra finalaurrekoetan, 22-11 irabazita. Iaz, Lasok ez zuen parte hartu. Gauzak horrela, txapelketaren azken bi edizioetako finaletan izan den Peñak hirugarrena jarraian jokatu nahi du, eta ahal bada, iaz bezala, txapela lortu.
Altunak, bestalde, azken bederatzi edizioetan parte hartu du, eta sei aldiz jokatu du finala. Lehen biak galdu egin zituen, baina gainerako lauretan aurkari banari irabazita jantzi zuen txapela: 2019an Artola, 2021ean Laso, 2023an Jaka eta 2024an Peña. Behin jokatu du txapelketa honetan Zabalaren aurka. Iaz izan zen, final-laurdenetako kanporaketan, eta errioxarrak 22-19 hartu zuen mendean amezketarra.
Ugartemendiak finala
Aurten, lehen aldiz, Errioxako Zirkuitua Txapelketa antolatu dute. Gorka Ugartemendia alkizarra ari da parte hartzen, Senar bikotekide duela. Igandean Amiano-Salaverri II bikoteari 22-11 irabazi zioten finalerdia, eta larunbatean jokatuko dute finala, Murua-Loza bikotearen aurka, Logroñon.