elkarrizketa

«Aisialdiaz gozatzeko izateaz gain, antolatzeko deia luzatzeko ere badira»

Aitor Arroyo Askarai 2026ko uztailaren 2a

Izei Garmendia eta Mattin Lasa IASeko kideak, Tolosako Armeria plazan. A. ARROYO ASKARAI

Gipuzkoako ikasle langileen topaketak egingo dituzte, larunbatean, Tolosan. Egun osoko egitaraua prestatu dute, besteak beste, tailerrak, hitzaldiak, eskualdeen arteko jokoak eta kontzertuak.

Larunbatean Gipuzkoako ikasle langileen topaketak egingo dituzte Tolosan. Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) egun osoko egitaraua prestatu du, eta xehetasunak azaldu dituzte Izei Garmendia (Anoeta, 2009) eta Mattin Lasa (Ibarra, 2009) militanteek. Ikasturtea amaitzeko antolatu dute ekimena, eta aisialdiaz gozatzeko ez ezik, «antolatzeko deia luzatzeko» baliatu nahi dituzte topaketak.

Zergatik antolatu dituzue topaketak?

Mattin Lasa: Beharrezkoa ikusi dugu kurtso politiko bete honen ondoren topaketak bezalako proposamen bat egitea. Urte guztia pasa dugu ikasle langileon interesak defendatzen eta horiek lehen lerroan ipintzen, antolatzen eta borrokan.

Izei Garmendia: Horren adibide dira palestinar erresistentziaren aldeko mobilizazioak, indarkeria matxistaren aurkako dinamikak, ikastetxeetan jarri dituzten kameren aurkako ekintzak, selektibitatearen aurkako kanpaina... Guzti horren ondoren kurtsoa amaitzeko aukera polita iruditu zaigu topaketak egitea.

Zer egingo duzue bertan?

Garmendia: Topaketek aukera emango digute ikasturtean bizitako esperientzien berri elkarri emateko eta komunitate politikoa indartzeko. 

Lasa: Hori da. Egun egokia izango da gure artean elkartzeko, hausnartzeko... Eta, bueno, baita aisialdiaz gozatzeko ere.

Hortaz, formakuntza eta aisialdia uztartuko dituzue.

Lasa: Hori da. Goizean, lehenengo, hiru tailer praktiko izango ditugu. Eta gero hitzaldi nagusia edo izango dena: Borrokak iraun dezan: ikasle antolakunde baten historia eta ikasle langileon erronkak. Hitzaldian, batetik, antolakundearen ibilbidea kontatuko dute laburtuta; azkenean, aurten barne kongresu bat izan dugu eta, besteak beste, izena aldatu du antolakundeak. Eta, gero, ikasle antolakundeak eta orokorrean ikasle mugimenduak etorkizunean dituen erronkez arituko gara.

Garmendia: Gero denok elkarrekin bazkalduko dugu, eta arratsaldean eskualdeen arteko jokoak —punteria, zaku lasterketa eta piragua txapelketa— eta boxeo ikuskizuna izango ditugu. Eguna bukatzeko, berriz, kontzertuak Ezpala gaztetxean izango dira: Ziñez erromeria eta DJak. 

Zein da topaketen helburua?

Garmendia: Aipatutako guztiaz gain, Euskal Herrian zein nazioartean bizi dugun testuinguruari aurre egiteko antolakuntzara batzeko deia egiteko ere balioko dute. 

Ja eguneroko ogia dira gerrak, indarkeria matxista, genozidioak, faxismoaren eta ideia erreakzionarioen gorakada, autoritarismoaren eta kontrol sozialaren gorakada...

Lasa: Zoritxarrez ikastetxeak ere ez daude guzti horretatik salbu, eta ikasle antolakunde gisa erdigunean jartzen dugu guzti horri aurreko egiteko eta zapalkuntzarik gabeko jendarte bat osatzeko ikasle mugimendu indartsu bat sortzeko helburua. 

Garmendia: Topaketak aisialdiaz gozatzeko egitarau bat izateaz gain, bide horretan antolatzeko deia luzatzeko proposamen bat ere badira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!