Tolosaldea bosgarren, Madrilgo estropadan

Ataria 2026ko ekainaren 29a

Tolosaldea eta Arraun Lagunak, atzo, ziaboga bat egiten. Argazkia: Aitor Arrizabalaga / ACT.

'Zerkausia' ontzia Arraun Lagunak irabazlearen parean aritu zen ia estropada guztian; azken ziabogan, ordea, kateatuta geratu zen, eta denbora baliotsua galdu zuen.

Buitrago de Lozoyako (Madril) urtegian jokatu zen atzo Euskotren Ligako lehen jardunaldia. Estropada berezia izan zen: erlojupeko proba jokatu zuten zortzi ontziek, baina binaka irten ziren. Gainera, lau luze egin zituzten, normalean baino motzagoak, eta ez bi, ohikoa den moduan. Horregatik, denborak ere ezohikoak izan ziren; hamalau minututik gora behar izan zituzten lanak amaitzeko.

Irteten azkenak izan ziren Arraun Lagunak eta Tolosaldea. Lan handiak eman zizkion eskualdeko ontziak iaz liga irabazi zuen traineruari. Lehen bi ziabogetan ia parean izan ziren, eta biek hautsi zituzten gainerako ontzien denborak. Azken ziabogan, ordea, ontzia kateatuta geratu zitzaion Tolosaldeari, eta, urrezko segundo mordoa galdu zuen. Azkenean, bosgarren izan zen Zerkausia. Hala ere, erakutsi zuten aurten ere borrokarako prest daudela.

Arraun Lagunakek pronostikoak bete eta irabazi egin zuen. Gainerako ontziak oso pareko ibili dira. Zalantzak uxatu, eta bigarren izan zen Orio, baina bi segundo ere ez zizkion atera Astillerori, eta gertu izan ziren San Juan, Tolosaldea eta Hibaika ere. Atzeraxeago amaitu zuten Zumaiak eta Donostiarrak.

Euskotren Ligako lehen jardunaldiko sailkapena:

  1. Arraun Lagunak: 14.26.48
  2. Orio: 14.38.44
  3. Astillero: 14.40.10
  4. San Juan: 14.41.86
  5. Tolosaldea: 14.42.26
  6. Hibaika: 14.47.30
  7. Zumaia: 14.56.86
  8. Donostiarra: 14.57.76

Sailkapen nagusia:

  1. Arraun Lagunak: 8 puntu.
  2. Orio: 7 p.
  3. Astillero: 6 p.
  4. San Juan: 5 p.
  5. Tolosaldea: 4 p.
  6. Hibaika: 3 p.
  7. Zumaia: 2 p.
  8. Donostiarra: 1 p.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!