Datorren astean itxita egongo da Alegiatik Altzora joateko errepidea

Ataria 2026ko ekainaren 26a

Alegia eta Altzo lotzen dituen GI-3620 errepidearen artxibo irudia. TXARLI GESTEIRA

Ekainaren 29tik uztailaren 3ra itxita egongo da Alegia eta Altzo lotzen dituen errepidea. Mozketak iraun bitartean Altzo Azpitik igarotzen den errepidetik zirkulatu beharko dute ibilgailuek.

Datorren astelehenetik —hilaren 29tik— ostiralera —uztailaren 3ra— erabat itxita egongo da Alegia eta Altzo lotzen dituen GI-3620 errepidea. Bide horretako galtzadaren zati bat hondoratu egin da, eta hori konpontzeko lanak egingo dituzte datorren astean. Lanen izaera dela-eta, errepidea erabat itxita egongo da bi noranzkoetan, eta ibilgailuek ezingo dute zirkulatu eragindako zatian.

Hori horrela, errepidea moztuko dute asteleheneko —ekainaren 29ko— 08:00etan, eta lanak bukatutakoan, ostiraleko —uztailaren 3ko— 17:00etan zabalduko dute. Mozketak iraun bitartean zirkulazioa Altzo Azpiko GI-3071 errepidetik desbideratu ahal izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!