Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, hilabetearen amaieran edo uztailaren hasieran hasiko dira lanean Tolosatik Albizturrera eta Bidania-Goiatzera joateko errepideetan. Bide horien segurtasuna eta mugikortasuna hobetzea da aipatu lanen helburua eta, zehazki, 997.860 euroko inbertsioa egitea aurreikusi dute.
Batetik, Tolosa eta Albiztur arteko —GI-2634— errepideko galtzada handitu egingo dute kilometro inguruko tarte batean, eta, horrela, hiru bihurgune hobetuko dituzte, non gaur egun ibilgailuek zailtasunak dituzten gurutzatzeko. Bestalde, Goiatz inguruko —GI-3740— errepidean biratze bat hobetzeko beste obra bat egingo dute, hain zuzen, galtzada zabalduko dute bihurgunearen barrualderantz eta hura «egokitu», puntu horretako segurtasuna hobetzeko. Aipatu bezala, datozen asteetan hasiko dituzte, eta bost hilabeteko exekuzio-epea izango dute.
Informazio saioa Bidania-Goiatzen
Aurreikusitako lanen xehetasunak bertatik bertara emateko bilera irekia egingo dute ekainaren 30ean, 18:00etan, Bidania-Goiatzen. Bertaratzera gonbidatu dituzte interesa duten herritarrak, eta azalpenak Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak eta Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak emango dituzte.
Aldundiaren eta udalen elkarlana
Hain zuzen, lanen ingurukoak jorratzeko bilera egin dute Albizturko Alazne Urkizu eta Bidania-Goiazko Iñaki Errazkin alkateek Eider Mendoza diputatu nagusiarekin, Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuarekin eta Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuarekin; eta bertan izan dira Beizamako eta Errezilgo alkateak ere.
Bilkuran udalerri horien «behar eta lehentasun nagusiak» partekatu dituzte, eta Mendoza diputatu nagusiak aipatu du aldundia horiei erantzuten ari zaiela hainbat ekimenen bidez: «Eragin handiko jarduketak dira, tokiko errepide sarearen etengabeko hobekuntzaren barruan kokatzen direnak. Errepide horiek funtsezkoak dira eguneroko mugikortasunerako eta herri txikien eta eskualdeen garapen sozial eta ekonomikorako». Era berean, balioan jarri du udalerri txikiek Gipuzkoaren egituraketan duten eginkizun estrategikoa, eta adierazi du beharrezkoa dela haien garapen sozial eta ekonomikoa eta biztanleen bizi kalitatea bermatuko duten inbertsioak eta zerbitzuak indartzea.