Hemeretzi urte zituela atera zuen gidabaimena Itziar Otamendi Etxeberriak (Abaltzisketa, 1953). Herriko ibilgailu bakarra zen haien etxekoa, eta «tokatzen zena» mugitzen zuten bertan. Etxean ohikoa zen, beraz, kotxea, eta ondorioz, baita gidabaimena ateratzea ere.
Gidabaimena 19 urte zenituela atera zenuen?
Hori da. Tolosako autoeskola batekin atera nuen gidabaimena. Donostian egin nuen azterketa praktikoa. Iraila izango zen. Lau ahizpa gara, eta bi zaharrenek ordurako bazuten. Hirugarrenak eta laugarrenak batera atera genuen. Hala eta guztiz ere, lehen saiakeran, aparkatzeko garaian, gaizki egin nuen eta suspenditu egin nuen. Beraz, bigarrengoan atera nuen.
Ohikoa al zen gidabaimena ateratzea?
Inguruko herrietan garai hartan kotxerik ere ez zegoen ia. Eta gure etxean, berriz, beti izan da; betidanik ezagutu dugu kotxea etxean. Lehenengo ahizpa zaharrenak atera zuen, eta gerora banaka ateratzen joan ginen. Oso goiz atera genuen denak.
Hortaz, etxean jaso zenuten gidabaimena ateratzeko bultzada.
Bai, denok jaso genuen, berdin zion neska edo mutila izan.
Aitak zuen, hortaz, Abaltzisketako kotxe bakarra?
Hori da. Aurrealdea txapazkoa zuen, eta atzeko kaxa, berriz, egurrezkoa. Atzeko kaxa horrek aldamenetan eserlekuak zituen, eta gu joaten ginen han. Eskurtsio asko egiten genituen. Tarteka, igandero edo jai egun batzuetan, Igeldora, Arantzazura, Oñatira... eguna pasatzera joaten ginen.
Jendea begira ere geratuko zitzaizuen.
Herrian ez dut uste. Guk behintzat, oso umeak izanik, normaltasunez ematen genuen. Aitak pertsonak ibiltzeko bakarrik ez, beste hainbat zerbitzu egiteko ere erabiltzen zuen autoa. Pentsa, baita jatena mugitzeko ere. Tokatzen zena. Aurretik autobus bat ere gidatu izan zuen, baina nik ez nuen ezagutu. Izatez, osabarena zen autobusa, eta aitak ekartzen zuen Alegiatik Abaltzisketara, 13 urte besterik ez zituela.
Gidabaimena ez zuen jende guztiak izango.
Normalean lehenak mutilak izaten ziren, baserritik kanpora lanean hasi eta irabazitako diruarekin kotxea erosten zutelako. Neskek beranduago ateratzen zuten.
Zergatik izaten zen horrela? Garestia al zen?
Baserritik kanpo lanean hasi arte gazteek ez zuten dirurik izaten. Lanean hasi eta diru pixka bat bildutakoan, orduan ateratzen zuten. Eta, bestela, autobusean, motoan edo ahal zen bezala mugitzen ziren.
Jendeak gutxietsi zintuztetela sentitu zenuten?
Ezetz esango nuke, ez dut izan sentsazio hori. Egia da ez zela jende askorik ikusten gidabaimenarekin. Iparraldera joan ginen momentu batean bizitzera, eta bikotea lanera eramatea ere tokatu zitzaidan. Izan ere, hark ez zuen jarrera egokiaren ziurtagirik, arrazoi politikoengatik. Azkenik, Ziburun atera zuen gidabaimena.
Eta bilakaera sumatuko zenuen ordutik hona.
Gero normaltzen hasi zen. Nik ilobengan ikusten dut orain: izan neska edo izan mutila, denak garai berdintsuan ateratzen dute —ahal bezain azkarren—. Teorikoa eginda izaten dute, eta klase praktikoak gero.
Gidabaimena nik pagatu nuen, ordurako ezkonduta bainengoen; eta behin ezkonduz gero etxean ez ziguten dirurik ematen. Ez naiz gogoratzen zenbat ordaindu nuen: bi mila? Hiru mila pezeta? Ez naiz gogoratzen. Gerora beti izan dut kotxea. Eta orain Abaltzisketan ez da egongo gidabaimenik gabeko neskarik. Denek izango dute eta, gainera, atera eta segituan kotxea. Eskolara joateko ere kotxea.