ENBA sindikatuak beste urte batez Ongi Etorri Baserrira ekimena antolatu du, «gure jakien jatorria berraurkitzeko eta beren ingurune naturalean, mahaian dastatzen ditugun elikagaiak ekoizten dituzten baserritarrak ezagutzeko helburuz».
Hamaikagarren edizioa uztailaren 3an eta 4an izango da, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko 15 baserritarrek euren baserrietako ateak zabalduko dituzte, beren ukuiluak, baratzeak eta landaguneak ezagutzera emateko. Baserri horien artean eskualdeko hainbat daude. Esaterako, bi egun horietan Balerdipeko Erleak (eztia, polena, erregin jalea, kandelak eta propolia) ezagutzeko parada izango da. Erlezainaren buzoa jantzi eta erleak gertutik ikusi eta eztigintzaren «magia» ezagutuko dute parte hartzaileek.
Uztailaren 4an, Aralarko Buruntzuzingo borda (gazta eta ardiak) ezagutzeko bisita prestatu dute. Artzain txabola hau Arritzagako paraje ikusgarrian dago kokatua, Buruntzuzineko aitzinako kobre meategien ondoan. Ordu erdi inguruko ibilbidea egin beharko da bertara iristeko, beraz, mendiko arropa eta oinetakoak eramatea gomebdatu dute, baita jatekoa eta edatekoa ere.
Egun horretan, Asteasuko Iturta Sarobe baserria (esne behiak-ardiak-gazta) ere bisitatu ahalko da. Bertan, haurrei zuzendutako tailerra egingo dute.
Bisitak 11:00etatik 14:00etara egingo dira. Izena doan eman daiteke Ongietorribaserrira.eus webgunean, eta bertan gainerako baserrien eta bisiten inguruko informazioa ere topatu daiteke. Ekainaren 30era arte eman ahalko da izena, eta informazio gehiagorako 943 65 01 23 zenbakira deitu ahalko da.
Baserrietako elikagaien kontsumoa sustatzeko, HAZIren bitartez, talde bakoitzean, elikagai otarra bat zozketatuko da.