Ibilgailuak Saretzen

Emakume gidarien kopurua gizonezkoena baino hiru aldiz gehiago hazi da hamar urtean

Aitor Arroyo Askarai 2026ko ekainaren 19a

Emakume gidarien kopuruak % 10,37 egin du gora 2014tik 2024ra; gizonen kopurua, berriz, % 3,48 hazi da. Eskualdean, guztira, 30.755 gidari daude; horietatik 17.614 gizonezkoak dira, eta 13.141, emakumezkoak. 

Hamar urteko tartean hiru aldiz gehiago hazi da emakume gidarien kopurua gizonezkoenaren aldean. 2014an 11.906 emakumek eta 17.021 gizonek gidatzen zuten Tolosaldean; 2024an, berriz, 13.141 ziren emakumeak (% 10,37 gehiago) eta 17.614, gizonak (% 3,48 gehiago). Udalerrietako biztanleriaren arabera aztertuz gero, Alkiza da gizonen eta emakumeen artean alderik txikiena duena; eta, kontrara, Bidania-Goiatz da alde handiena duena.

Kopuru absolutuei begira, 2024ko datuei jarraiki, Tolosa da gidari gehien dituen herria: 11.765. Aitzitik, Orexa da gutxien dituena 87 gidarirekin. Gidarien kopurua biztanleenarekin alderatuz gero, ordea, Orexa da herri gidariena 1.000 biztanleko 844,7 punturekin —guztira, 87 gidari—; ostera, Orendain da, proportzioan, gidari gutxien dituen herria 1.000 biztanleko 556,9 punturekin —137 gidari—. 

 

Generoari buruzko datuei erreparatuz gero, berriz, kopuru absolutuetan Tolosak ditu emakumezko zein gizonezko gidari gehien, hurrenez hurren, 5.090 eta 6.675. Haren atzetik, emakume gidari kopuru handienak dituzte Villabonak —1.438 eta, guztira, 3.424— eta Ibarrak —1.042 eta, guztira, 2.475—. 

Gidatzen duten gizon eta emakume arteko tartea aztertuta, berriz, Alkiza da gizonen eta emakumeen artean alderik txikiena duen herria: 116 gizonek eta 112 emakumek gidatzen dute bertan. Haren atzetik Larraul eta eta Orexa dira herri parekideenak, hurrenez hurren, 97 gizon eta 75 emakume gidarirekin —1.000 biztanleko 72,8 puntuko aldea bi generoen artean— eta 52 gizon eta 35 emakume gidarirekin —1.000 biztanleko 85,6 puntuko aldea—. Kontrara, Bidania-Goiatz da bi generoen artean alderik handiena duen herria 1.000 biztanleko 217 puntuko aldearekin: 210 gizonek gidatzen dute —272 gizon bizi dira herrian— eta 164 emakumek —herrian 260 bizi dira—. Haren segidan, Ibarra eta Amasa-Villabona dira genero arrakala handiena duten herriak, hurrenez hurren, 1.000 biztanleko 210,6 eta 207,3 puntuko aldearekin. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!