Eskualdean erregai mota guztietako ibilgailuak ugaritu dira 2014tik 2024ra, baina hazkunde handiena, alde handiz, elektrifikatuek eta petrolio gas likidotu (PGL) bidezkoek izan dute: 2014an 16 ibilgailu elektrifikatu zeuden Tolosaldean, eta 268 izan dira 2024an; petrolio gas likidotu bidezkoak, berriz, bi besterik ez ziren 2014an, eta 2024an, berriz, 250 izan dira.
Gehien horiek ugaritu badira ere, % 30,52 hazi da gasolina ibilgailuen kopurua —11.234 izatetik 14.663 izatera—; eta igoera apalena dieselak izan du % 2,21eko hazkundearekin —21.491 izatetik 21.967 izatera—. Dena dela, kopuru absolutuetan dieselak nagusitasuna mantendu du nabarmen.
Kopuru absolutuei dagokienez, Tolosak, biztanleria handiari jarraiki, ditu mota guztietako ibilgailu gehien: 6.639 diesel, 4.973 gasolina, 92 PGL eta 72 elektrifikatu. Kantitate baxuenei begira, berriz, Orexan daude erregistratuta diesel (72) eta gasolina (35) gutxien. Beste erregaien inguruan, berriz, eskualdeko herri guztietan daude elektrifikatuak, hiru salbuespenekin: ez dago halakorik Larraulen, Gaztelun eta Orendainen. Eta petrolio gas likidotu bidezko ibilgailuak ere herri guztietan daude, beste lau salbuespenekin: Abaltzisketa, Alkiza, Gaztelu eta Orendain.
Alde handiz egin dute gora elektrifikatuek eta PGL motakoek. 2014ko datuei erreparatuz gero, eskualdean hamasei elektrifikatu zeuden: bost Iruran, lau Adunan, bi Tolosan, eta bana Asteasun, Alegian, Amezketan, Berastegin eta Ibarran. Petrolio gas likidotuz propultsatuak, bestalde, bi besterik ez ziren 2014an, eta Tolosan zeuden biak. Hamar urte geroago, berriz, 92 dira Tolosan, eta haren atzetik Villabonan (31) eta Ibarran (26) daude gehien. Elektrifikatuei dagokienez ere, 2024an Tolosan zeuden gehienak (72) eta haren atzetik Asteasu (25) eta Irura (22) dira elektrifikatu gehien dituzten herriak.
Gora egin dute, halaber, beste propultsio mota batzuetako ibilgailuek ere: eskualdean bost zenbatu zituzten 2014an, eta 18ra igo dira, berriz, 2024an.