Taldea berreraiki behar izan du aurten Tolosaldea traineruak

Imanol Garcia Landa 2026ko ekainaren 17a

Tolosaldea trainerua Euskadiko Txapelketan. TAK

Iazko denboralditik hamabi arraunlarik utzi dute kluba, horietatik asko titularrak. Zailtasunak izan dituzte Pasaian entrenatzeko, ez baitute izan lekurik ontzia uzteko.

Denboraldi berezia izaten ari da Euskotren Ligan dagoen Tolosaldea traineruarentzat. Batetik, baja asko izan dituzte, horietatik dezente ohiko titularrak. Bestetik, entrenatzeko arazoak izaten ari dira denboraldian zehar, ez baitute aukerarik izan trainerua Pasaian gordetzeko.

Iazko taldetik hamabi arraunlarik utzi dute. «Kolpe handia izan da, batez ere negurako, beraien erabakien berri jakin genuenean, Kontxako bandera eta gero», esan du Ramon Erostarbe entrenatzaileak. «Talde guztia berreraiki behar izan da, harrobiko arraunlariak igo lehen taldera, eta eskerrak harrobi oparoa dugula. Gero kanpotik pare bat arraunlari ekarri ditugu, eta besteren bat etorri da. Behintzat talde lehiakor bat atera ahal izan dugu».

Bi arraunlari Donostia Arraun Lagunak taldera joan dira: Nagore Osoro eta Nerea Arrizabalaga. «Horiek ez ziren harrobikoak. Besteek arrauna utzi dute hainbat arrazoirengatik». Hamabi baja izatea asko nabaritzen dela dio: «Iazko ababorreko titularretik bakarra geratzen da. Istriborretik hiru titular joan dira, eta indartsuenetakoak ziren. Hori da gertatu dena, hori da daukaguna, eta horrekin egin dugu lan».

Harrobitik hiru igo dira trainerura. «Bi lehen urteko jubenilak dira. Patroia ere jubenila da. Beste bi harrobikoak direnak eta Donostiarra taldean utzita zeudenak itzuli egin dira taldera. Beti esaten dut harrobiarekin lan egitea gustatzen zaidala, eta kanpotik etortzen direnak aldea markatzeko etorri behar direla». Aldaketa horien eraginez, aurtengoak iazko taldearekin ez duela zerikusirik gaineratu du Erostarbek. «Iazkoa gehiago egindako taldea zen, aurreko ia talde osoaren jarraipena lortu baikenuen. Eta aurten jende oso ezberdina da, askoz gazteagoa, eta aurtengo egitekoa da taldea edo blokea gehiago lantzea; horrek arraunean zailtasun handiagoa du».

Aurrean egoteko aukerak

Gustura dago Erostarbe orain arteko estropadetan jazotakoarekin. «Jaitsierak beti lasai prestatzen ditut, hainbat gauza ikusteko. Pasaiako jaitsieran beti egin ohi dugu probaren bat, eta irabazi egin genuen. Gero bi txapelketak izan ditugu: Gipuzkoakoan hirugarren geratu ginen eta Arraunekin parez pare ibili ginen ziaboga arte, eta gero tartean San Juan sartu zitzaigun; Euskadikoan txanda ezberdinetan atera ginen, eta txapelketa horren ondoren ate bat irekitzen zaigu, esperantza zabaltzen zaigu hor goian egoteko».

Txapelketa horretan baldintza okerragoak izan zituzten. «Laugarren kaletik atera ginen, inork nahi ez zuen lekutik Getarian. Hurrengo txandan Arraun eta San Juan lehen eta bigarren kaletik atera ziren eta haize gutxiagorekin. Hala ere, bigarren geratu ginen, eta sei segundora. Beraz, oso gustura emaitza horrekin, eta ligan ohorezko txandan egoteko esperantzarekin gaude».

Erostarbek Donostia Arraun Lagunak ikusten du ontzi indartsuena. «Bertan egon baitira baja gutxienak. Bik utzi dute, eta bi fitxatu dituzte gure ontzitik, eta beste arraunlari batzuk ere bai. Oriok ere guk bezala baja asko izan ditu, eta nabarituko dute. Astillerori buruz ez dugu ideia handirik». Beste traineruak, San Juan, Zumaia, Hibaika eta Donostiarra, iazko moduan ariko direla uste du. «Hor egongo gara beraiekin lehian. Estropada bakoitza mundu bat izango da, oso parekatua izango baita. Gure aldetik, eta Euskadiko Txapelketan ikusitakoaren ondoren, espero dugu lehenengoen artean lehiatzen egotea, eta saiatuko gara banderaren bat irabazten. Ontzian izan ditugun aldaketak Ikusita, ligan bigarren postua lortzen badugu sekulakoa izango litzateke».

Ekainaren 28an izango dute ligako lehen estropada, Isabal II.a Kanalaren Bandera, Buitrago de Lozoyan, Madrilen. «Ez dugu lekua ezagutzen, eta ea zer baldintza dauden. Indarrak aginduko duen estropada izango da». Arraunlarien aldarteari dagokionez, taldean oso giro ona dutela nabarmendu du: «Arraunlarien artean oso harreman estua dute, egin dituzte bazkari batzuk, eta uretan dena ematen ari dira. Proiektu berria izanik agian kontzienteagoak dira pixka bat gehiago kostatuko dela, eta oso zentratuta daude. Entrenamenduetan egiten dutena estropadetan erakusten badute, oso goian egongo garela uste dut».

Haserre San Juan klubarekin

Pasaian entrenatzen du Tolosaldeak, eta aurtengoan zailtasun handiak izaten ari direla salatu du Erostarbek. Aurreko urteetan San Pedro klubaren azpiegitura izaten zuten trainerua gordetzeko, baina denboraldi honetan klubetik esan zieten beraiek beharko zutela proiektu batzuetarako. «Gure asmoa izan da Pasaian lokal bat hartzea bertan trainerua izateko, baina San Juan klubak trabak jarri ditu, eta ez digute utzi beraiek kudeatzen duten pantalana edo ontziralekua erabiltzen». Beraz, Tolosaldeakoak egunero joaten dira bertara traineruarekin, eta eguraldi txarra izaten dutenean ez dute babesteko lekurik. «Denek dute ahotan kiroltasuna, baina besteek zerbait nahi izatean, ez dizute ezer uzten, eta gero mundu guztiari eskatzen diote. Eta pena handia da: kirolariak garela diogu, baina aukera duzunean ondokoa zapaldu egiten duzu».

San Pedro klubeko proiektuak ez dira aurrera atera, eta orain bere azpiegituran trainerua uzteko aukera lortu nahi dute. «Tolosako Udalaren eta Pasaiakoaren artean harremanetan daude», esan du Erostarbek. «Ea Tolosako Udalak laguntzen digun, eta ea Pasaiakoak San Pedroko Kalparra azpiegitura uzten digun gure trainerua gordetzeko».

Tolosaldea trainerua

Arraunlariak

  • Ihintza Eizagirre. Larraul.
  • Malen Eskitxabel. Pasaia.
  • Ainhoa Etxenike. Baiona. 
  • Janire Goñi. Amezketa. 
  • Nagore Iturralde. Orio.
  • Haizea Jauregi. Tolosa.
  • Arene Lacoste. Donostia.
  • Naroa Leonet. Tolosa.
  • Olatz Lopez. Tolosa.
  • Ane Martin. Donostia.
  • Garazi Ormazabal. Donostia.
  • Jone Pastor. Hernani. 
  • Arene Portularrume. Aia.
  • Garazi Sorozabal. Orexa.
  • Ainhoa Tolosa. Tolosa.
  • Ane Zelaia. Alkiza. 

Patroiak

  • Nerea Perez. Tolosa.
  • Maddi Balerdi. Tolosa.

Altak

Maddi Balerdi, Ihintza Eizagirre, Malen Eskitxabel, Ainhoa Etxenike, Janire Goñi, Nagore Iturralde, Haizea Jauregi, Arene Lacoste eta Ane Martin.

Bajak

Irene Sierra, Nerea Agirrezabal, Itsaso Aizpurua, Naroa Becerril, Ane Egues, Irati Larrañaga, Ane Mendizabal, Nagore Osoro, Haizea Saez, Maialen Ugalde, Maddi Urdapilleta eta Uxune Urkia. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!