ATARIAk gazteen irudimena eta talde lana saritu nahi ditu

Ataria 2026ko ekainaren 25a

Pasa den urtean egindako bideo-podcast lehiaketako sari banaketa.

Gazteei zuzenduriko bideo lehiaketa antolatu du ATARIAk. Bideo labur bat aurkeztu beharko da Zer diozu Tolosaldeaz? galderari erantzunez. Sari bikainak lortu ahalko dira.

Eskualdeko 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduriko Tolosaldea Zure Ahotik Bideo Lehiaketa jarri du abian ATARIAk, Laboral Kutxaren babeslegotzarekin. Zer diozu Tolosaldeaz? galderari erantzun beharko diote parte hartzaileek, euren irudimena eta trebezia uztartuz. Ekimenaren helburua Tolosaldeko gazteek eskualdea nola irudikatzen duten ikus-entzuneko batean islatzea da, parte hartzea eta talde lana sustatuz eta balio positiboak bultzatuz, bideo originalen ekoizpen eta difusioaren bidez.

Pasa den urtean ere antolatu zuen ATARIAk gazteei zuzendutako lehiaketa, baina orduko hartan bideo-podcast lehiaketa izan zen; aurten bideo lehiaketa izango da.

Hiru pertsonaz osatutako taldeetan parte hartu beharko da, eta partaide guztiek Ataria.eus-en eskuragarri dagoen izen emate orria bete beharko dute. Irailaren 7tik 20ra bitarteko epean eman beharko da izena. Ondoren, lanak aurkezteko epea zabalduko da. Irailaren 21etik urriaren 4ra bidali beharko dira grabaketak tolosaldeazureahotik@gmail helbidera.

Grabaketari dagokionez, 5 eta 15 minutu artean irauten duen bideo labur bat aurkeztu beharko dute partaideek. Gaia irekia izango da, baina eskualdearekin lotura izan beharko du eta euskaraz izan beharko da. Bideoak originala eta beste inon erabili gabea izan behar du. Horretarako, partaideek elementu artistikoak, musika, irudiak edo egoki deritzoten bestelako edozer erabil dezakete. Bideo guztiak Ataria.eus-en ikusgai egongo dira.

Hiru sari emango dira. Batetik, 16 eta 18 urte bitartekoen arteko saria. 400 euroko bonua jasoko du epaimahaiak aukeratutako lana aurkeztu duen taldekide bakoitzak, tokiko merkatari elkartetan zerrendatutako edozein dendatan erabiltzeko. Bestetik, 12 eta 15 urte bitartekoen artean epaimahaiak aukeratutako lana aurkeztu duen taldeko kide bakoitzak 300 euroko bonua jasoko du. Azkenik, webguneko erabiltzaileek bozketa bidez aukeratutako bideoaren egileek 40 euroko bonu bana jasoko dute tokiko merkatari elkartetan zerrendatutako edozein dendatan erabiltzeko, eta ATARIAko materiala izango dute opari.

Urriaren 5etik 18ra izango da bozketa fasea, eta urriaren 23an jakinaraziko dira irabazleen izenak, horretarako Villabonako Subijana etxean egingo den sari banaketa ekitaldian. Edozein zalantzaren aurrean, ATARIArekin harremanetan jar daitezke lehiaketan interesa dutenek.

ATARIAk eskualdeko gazte guztiak gonbidatzen ditu ekimenean parte hartzera, eta euren sormena praktikan jarriz eskualdeari buruz duten ideia zabaltzea.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!