Nerabeen eta teknologien arteko errealitatea ezagutzeko ekimena abiatu dute

Ataria 2026ko ekainaren 15a

Irurako eta Anoetako nerabeek inkesta betetzeko aukera izango dute datozen egunotan.

Kalexka eta Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak ekimen berria jarri dute martxan nerabeen eta IKTen arteko errealitatea ezagutzeko, Irurako eta Anoetako udalekin elkarlanean.

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak nerabeen egunerokoaren parte direla uste dute udalek. «Telefono mugikorrek, sare sozialek eta bideo-jokoek, besteak beste, komunikatzeko moduan ez ezik, garapen pertsonalean, sozialean eta emozionalean ere eragina dute», esan dute ekimenaren bultzatzaileek.

Ekimenaren lehen urrats gisa, nerabeei zuzendutako inkesta bat jarri dute martxan, IKTen erabilera, ohiturak, eskaintzen dituzten aukerak eta izan ditzaketen arriskuak hobeto ezagutzeko. Bildutako informazioari esker, Irura eta Anoetako egoeraren diagnostiko zehatzagoa egin ahal izango dute, eta ondoren, benetan erabilgarriak eta egokituak izango diren jarduerak eta baliabideak diseinatu ahal izango dituzte. «Gaur egungo errealitate digitala ulertzea funtsezkoa da erabilera arduratsu, orekatu eta segurua sustatzeko, eta horretarako zuen iritzia eta esperientzia ezinbestekoak dira».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!