Bi hernaniar eta oiartzuar bat, T3T maratoiko azkarrenak Larten

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko ekainaren 14a

Gizonezkoetan, Ander Amonarriz eta Anartz Artola hernaniarrek markatu dute denbora onena lehen tontorrean; emakumezkoetan, berriz, Larraitz Etxebeste oiartzuarra igaro da lehen postuan.

Giro ederra izan da goizean Larten, T3T eta T2T lasterketetako lehen tontorrean; zenbait mendizale joan da inguruko herrietatik. Hori bai, ia denek hautatu dute itzala korrikalariak animatzeko; eguraldi sargoria izan da lehen ordutik, eta eguzkitik babestea besterik ez zen geratzen. Guztiek ere, animo oihu eta txalo artean hartu dituzte bertatik igaro diren ia 400 lasterkariak. Hauetako zenbaitek irribarre egiteko indarra izan dute, eta gutxi batzuek baita ikusleak txaloz eskertzeko ere.

Ander Amonarriz eta Anartz Artola hernaniarrak elkarrekin heldu dira gailurrera, 39 minutuan. Handik behera ere elkarrekin joan dira, eta denbora berean heldu dira Elduainera. Josu Urrutia ondarroarra igaro da hirugarren Lartetik, hernaniarrengandik minutu erdira. Emakumezkoetan, berriz, Larraitz Etxebeste oiartzuarra igaro da lehen postuan; 48.26ko denbora egin du. Maddalen Jimenez beratarra zuen atzetik; Etxebesterengandik ia minutu batera igaro da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!