Tolosaldeko ospitale publikoa

Datozen egunetan esleituko dute ospitale berriaren proiektua

Ataria 2026ko ekainaren 12a

Alberto Martinez osasun sailburua, ospitalea eraikiko duten orubean.

Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak aurreratu du txosten teknikoa eginda dagoela eta egun gutxi barru sinatuko dutela Osasun Mahaiak egindako proposamena. Gaineratu du Asuncion Klinikarekin zer gertatuko den haren jabeek erabaki beharko dutela.

EAEko medikuek deitutako greba mugagabea dela eta, Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusia elkarrizketatu dute goizean, Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Besteak beste, Osasun Saila garatzen ari den azpiegitura berriei buruz galdetu diote, tartean, Tolosaldeko ospitale berriari buruz, proiektua ekainean esleitu asmo dutelako. «Txosten teknikoa eginda dago, datorren astean sinatuko dugu Osasun Mahaiak egindako proposamena, eta orduan esleituko dugu proiektua», aurreratu du Bilbaok.

 

Ospitale berriarekin «ilusioa» dutela esan du Osakidetzako zuzendariak. «Azken urteetan egon den kezka bati aurre egiteko moduan egongo gara. Hausnarketa sakon bat egin eta gero, eta profesionalekin, eskualdeko mugimenduekin, elkarteekin eta biztanleekin hainbat aldiz bildu ondoren, ospitale berria martxan jartzea erabaki genuen». Jakina den moduan, Bilbaok esan du ospitaleak harremana izango duela Donostialdeko ESIarekin, eta uste dutela «eskualdeko biztanleentzat sistema ona izango dela, espezialitate gehiago egongo direlako, eta haien onurarako izango da».

 

Diagnostikoak, kontsultak, ospitaleratzeak, kirofanoa... hainbat zerbitzu izango ditu ospitale berriak. Une honetan, Asuncion Klinikan jasotzen dute arreta eskualdeko pazienteek. Osakidetzako zuzendariari galdetu diote, ospitale publiko berria egindakoan ea bertan jasoko duten erabateko arreta, eta ea zein izango den Asuncionek etorkizunean izango duen ardura eskualdeko biztanleen arretan. «Asuncion Klinikarekin zer gertatuko den haren jabeek erabaki beharko dute», erantzun du Bilbaok. Osasun Sailak Asuncionekin duen ituna amaituko ote den ere galdetu diote, eta honakoa erantzun du: «Itun hori aurten sinatu da, hurrengo bost urteetarako. Oraingoz, gauzak dauden bezala edo aurreikusten dugun bezala jarraitzen badute, gure zerbitzuak izango ditugu».

 

Amaitzeko, Osakidetzako zuzendariak nabarmendu du une honetan ospitale berria garatzen ari direla. «Eman beharreko pausoak ematen ari gara. Esan genuen bezala, gutxi gorabehera, bost urteko proiektua izango da. Proiektua erredaktatu behar da, eta ondoren, idatzi. Gero, proiektuaren lizitazioa zabalduko dugu, obrak esleitu eta martxan jarri aurretik».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!