Etapa berri bati ekin dio Zubimusu ikastolak, parte hartzea, elkarlana eta kalitatezko hezkuntza euskalduna ardatz hartuta. Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo familiak eta langileak kooperatiba berri batean antolatu dira. Lehenik, ikastolako komunitateari aurkeztu zioten kooperatiba berriaren osaera, ondoren, bi udalerrietako ordezkari politikoei, eta orain, gizarte osoari.
Irabazi asmorik gabeko eta Herri Onurako izendapena duen proiektua da Zubimusu ikastola, eta hezkuntza zerbitzu publikoa eskaintzen die bertako nahiz inguruko herrietako familiei. Hemendik aurrera, kooperatibaren gobernantza organoa Artezkaritza Kontseilua izango da, eta familia eta langile ordezkariek osatuko dute –lau familia ordezkarik, bi langile ordezkarik, zuzendari pedagogikoaren ordezkari batek eta administrari buruak–.
Kooperatiba berriaren erdigunean Ikastolen Pertsona Eredua jarriko dute: ikasleen garapen integrala sustatzea, haien dimentsio soziala, emozionala, kognitiboa eta pertsonala garatuz. Oinarri horietatik abiatuta, kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzea da kooperatibako kideen helburua, euskara eta euskal kultura ardatz hartuta.
Familia eta langileek elkarlanean osatutako egitura berria «urrats naturala» dela azaldu dute arduradunek, eta etorkizunari «sendotasunez eta ilusioz» begiratzeko aukera ematen diela nabarmendu dute.
60 urteko ibilbidea
Zubimusu ikastolaren sustraiak 1960ko hamarkadan daude. Hainbat familia zizurkildarren ahaleginari esker sortu zen Santio ikastola, frankismo betean seme-alabei euskarazko hezkuntza eskaintzeko helburuarekin.
Ondorengo urteetan, Santio ikastola Gipuzkoako Ikastolen Federazioan sartu zen, eta San Jose eskolarekin bat egin ondoren, Jesusen Bihotza ikastola sortu zuten, Villabonako parrokiaren babesarekin. Hurrengo hamarkadetan, Aiztondo bailaran erreferente bihurtu zen ikastola, eta ekarpen handia egin zuen euskararen ikaskuntza eta normalizazioan.
2014an, Zubimusu Ikastola Kooperatiba Elkartea sortu zuten, familien eta langileen ardura eta parte hartzea juridikoki aitortzeko helburuarekin. Kooperatiba hura familiek, langileek, Villabonako parrokiak eta elizbarrutiak osatu zuten.
Azken urteetan, familien eta langileen protagonismoa handitzen joan da. 2025eko abenduan, hain zuzen ere, etapa berri bati eman zioten hasiera, Villabonako parrokia eta elizbarrutia kooperatibatik atera ondoren.
Orain, familiek eta langileek osatzen dute kooperatiba berria, eta Zubimusu izena mantendu dutela nabarmendu dute, Amasa-Villabona eta Zizurkil lotzen dituen nortasunaren eta proiektu partekatuaren sinbolo delako.
«Ez dugu parte hartzaileagoa den eredurik ezagutzen. Hitza, elkarrizketa eta erabakia bazkideen eta herritarren esku daude», adierazi dute kooperatibako kideek. Defendatu dute familiek seme-alaben hezkuntza erabakietan parte hartzeko duten aukera balio erantsi bat dela, eta berretsi dute etorkizuneko proiektua elkarlanean eraikitzen jarraitzeko konpromisoa.