Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa 2026

Iguaran, Mendizabal eta Mendiluze eskualdeko ordezkariak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan

Ataria 2026ko ekainaren 9a

Irailaren 19tik abenduaren 20ra jokatuko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, 50 bertsolariren parte hartzearekin. Lehen faseko saioetako bat urriaren 4an izango da, Tolosako Usabal kiroldegian.

Jokatu dira Gipuzkoakoa, Nafarroakoa, Bizkaikoa, Xilaba eta Arabakoa, eta orain da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren txanda. Parte har zezaketen 50 bertsolariek eman dute izena, eta, horrenbestez, Tolosaldeak hiru ordezkari izango ditu kantuan: Oihana Iguaran amasarra, Unai Mendizabal zizurkildarra eta Aitor Mendiluze irurarra. Azken hori da, gainera, parte hartzaileen artean zaharrena.

Txapelketa irailaren 19tik abenduaren 20ra jokatuko da eta 15 saio izango ditu guztira. Lehenengo fasean zazpi saio egingo dituzte –herrialde bakoitzean bana–, eta finalaurrekoak bi itzulitan jokatuko dituzte. Finala, berriz, abenduaren 20an izango da, Iruñeko Nafarroa Arenan.

Oihana Iguaranek urriaren 3an kantatuko du Donapaleun, eta Unai Mendizabalek urriaren 10ean, Gotaine-Iribarnen. Duela lau urteko finalistak finalaurrekoen lehen itzulian sartuko dira txapelketan, eta Maialen Lujanbio txapelduna, berriz, zuzenean Iruñeko finalean. Horrenbestez, Aitor Mendiluzek Gernika-Lumon kantatuko du azaroaren 7an. Finalaurrekoen bigarren itzuliko hiru saioak hiriburuetan jokatuko dituzte: Donostiako Illunben, Gasteizko Mendizorrotzan eta Bilboko Miribillan.

Lehen faseko saioetako bat, urriaren 4koa, Tolosan jokatuko dute, Usabal kiroldegian. Saioa horretan Imanol Artola Felix amezketarra ariko da gai-jartzaile. Aurten, eskualdeko beste ordezkari bat ere izango da gai-jartzaileen taldean: Igotz Alkorta zizurkildarra, hain zuzen.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako saio guztietarako sarrerak ekainaren 17an jarriko dira salgai, Bertsosarrerak.eus atarian. Elkarteko bazkideek finalerako sarrera erreserbatuta izango dute ekainaren 17tik 24ra –aste horretan sarrera erosteko aukera bermatuta izango dute–. Horrez gain, txapelketa osorako bonua erosteko aukera eta saio guztietarako beherapena ere izango dute.

Lau urteko ziklo baten itxiera

Oier Iurramendi Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak azaldu duenez, bertsolaritzak gure egunerokoari kantatzen dio: «Inguratzen gaituzten gauza txikietatik hasi, norbera zeharkatzen duten kezka, poz edo kontraesanetatik pasatu, eta mundu mailako gertakari globaletaraino».

Koordinatzailearen esanetan,txapelketak ingurura ez ezik barrura begiratzeko ere balioko du, bertsolaritzak horretarako heldulekuak eskaintzen baititu. Era berean, txapelketak une jakin baten eta azken lau urteko aldiaren argazkia ateratzeko aukera ematen du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!