Tolosako Gipuzkoako Artxibo Orokorra bisitatzeko aukera

Ataria 2026ko ekainaren 8a

Bisita gidatuak egingo dituzte ekainaren 11 eta 12an.

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten ere bat egin du Artxiboen Nazioarteko Astearekin, eta ate irekien jardunaldiak antolatu ditu bere bi artxibo historikoetan:  Tolosako Gipuzkoako Artxibo Orokorrean eta Oñatiko Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan.

Tolosako artxiboa ekainaren 11n eta 12an bisitatu ahalko da, doan, izena aurrez emanda. Sei bisita gidatu egingo dituzte guztira. Ekainaren 11n lau egingo dituzte; 12:00etan eta 17:30ean euskaraz, eta 10:00etan eta 16:00etan gaztelaniaz. Ekainaren 12rako, berriz, bi hitzordu jarri dituzte: 10:00etan euskaraz, eta 12:00etan gaztelaniaz. Bisitetan gutxienez bost pertsonak eta gehienez hamabostek eman beharko dute izena, eta ordu eta erdi ingurukoak izango dira.

Izena emateko 943 41 52 62 telefono zenbakira deitu behar da, 08:30etik 14:30era, agg-gao@gipuzkoa.eus posta elektronikora idatzi, edo izena emateko inprimakia bete behar da.

Artxiboen Nazioarteko Astea Artxiboen Nazioarteko Kontseiluak sustatzen du, eta aurten ekainaren 8tik 12ra egingo da Artxiboak justiziarako: eskubideak, memoria eta etorkizuna lelopean. Edizio honetan arreta jarriko dute artxiboek eskubideak defendatzeko, memoria kolektiboa mantentzeko eta gizarte demokratikoak sendotzeko duten funtsezko zereginean.

Goizane Álvarez Kultura diputatuak adierazi duenez, «artxiboak, dokumentuen gordailu izateaz gain, nor garen eta honaino nola iritsi garen ulertzeko lekuak ere badira». Horregatik, azpimarratu du artxiboak herritarrei zabaltzea dela «memoria publikoa guztiona izateko modu bat, eta ez soilik non bilatu badakitenena». Gehitu du desinformazioa erraz zabaltzen den garaiotan, artxiboek urria den zerbait eskaintzen dutela: dokumentuak, datak, egitateak. «Hori ere ondasun publikoa da».

Bisitei esker, artxiboen eguneroko funtzionamendua ezagutu ahal izango da, eta normalean jendearentzat irekita ez dauden espazioak zeharkatu ahal izango dira, hala nola dokumentu biltegiak, lan gelak edo zaharberritze laborategiak. Gainera, XV. mendetik XX.era bitarteko jatorrizko dokumentuak erakutsiko dira, eta Oñatiren kasuan arreta berezia jarriko dute justiziarekin eta eskubide urraketekin lotutako materialetan.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!