Sega Sail Txapelketa izango da jokoan igande honetan

Ataria 2026ko ekainaren 5a

Mikel Lizartza iazko Gipuzkoako Sega Sail Txapelketan.

Txapelketan parte hartuko duten sei segalarietatik lau eskualdekoak dira: Amaiur Arrospide, Jokin Etxeberria, Mikel Lizartza eta Oier Urkola.

Sega Sail Txapelketa antolatu du Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak igande honetarako. Gizonezkoen proba egingo da bakarrik, eta guztira sei segalari ariko dira, horietatik lau eskualdekoak. Amaiur Arrospide leaburuarra, Jokin Etxeberria Bedaion bizi den amasarra, Mikel Lizartza tolosarra, Oier Urkola anoetarra, Julen Gabirondo urnietarra eta Josu Mendizabal zaldibiarra ariko dira txapelaren bila. Arrospide eta Mendizabal lehenengo aldiz ariko dira txapelketa horretan. Iaz Gabirondo izan zen irabazlea, eta Lizartzak bigarren amaitu zuen.

Hernaniko Jauregi bailaran egingo da txapelketa, Ixtubegi belardian, eta 11:00etan hasiko da. Segalariek mila metro koadro moztu beharko dituzte, eta helburua azkar eta txukun moztea da. Epailea kirolariekin batera doa momentu oro, eta mailatik mailara pasatzeko oniritzia eman beharko dio, hau da, dena txukun moztuta dagoela ziurtatzen duenean. Lana amaitzen denbora gutxien egiten duenak irabaziko du. Aukera ederra izango da segan nola aritzen diren ikusteko, eta gainera sarrera doan izango da. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!