Ekainaren 13an Iruñeko kaleak Euskal Herri osoko euskaltzalez betetzeko mobilizazio jendetsua antolatzen ari dira Euskalgintzaren Kontseilua osatzen dugun eragileak. Euskaltzaleon Martxa deitu diote ekimenari, eta Euskaraz bizitzeko behar den dena leloa eramango du. Jai giroz jantzi asmo dute hizkuntza eskubideen aldeko aldarrikapena. Izan ere, deitzaileek esan dutenez, azken hamarkadetan berreskurapen ziklo bat gertatu den arren, gero eta gehiago dira euskararen etorkizunaren gaineko kezka eta larritasuna adierazten dituzten datuak eta ikerketak, eta zailtasun horiei erantsi behar zaie euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldi antolatu bat.
Hiru zutabetan egingo dute mobilizazioa, eta bakoitzak izaera, irudi eta protagonista propioak izango ditu. Lehen zutabea Antoniutti parketik abiatuko da, eta hizkuntza politikak izango ditu ardatz. Asisko Urmeneta irudigileak egin du pankarta eta Zazpi jauzi izenburua izango du. Hizkuntza politiketan jauzia emateko premia aldarrikatuko dute. Runa parkeko zutabean euskararen ofizialtasun osoa eskatuko dute manifestariek. Patxi Huarte Zaldieroa komikigileak egin du pankartako marrazkia.Hirugarren pankarta Malen Amenabar ilustratzailearen lana da, eta «euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzeko beharra» islatzen du. Askatasunaren plazatik aterako da zutabe hori.
Hiru martxen artean oreka zaintzeko xedez, manifestariak modu honetan banatzeko deia egin dute deitzaileek: Iruñera autobusez datozenek Askatasunaren plazako zutabean parte hartuko dute; autoz joandakoak Antoniuttin bilduko dira; eta, jada Iruñean daudenak Runa parkean batuko dira martxara.
Zutabe guztiak 17:00etan abiatuko dira, eta, Alde Zaharrerako ibilbidea egin ostean, Gazteluko plazan elkartuko dira 18:00 aldera. Bertan egingo dute ekitaldi nagusia, eta Euskalgintzaren Kontseiluko antolatzaileen asmoa da bertaratutako guztiak dantzan jartzea, egunari bukaera alaia emateko.
Galtzaundi euskaltzaleen elkarteak autobusak antolatu ditu Tolosaldetik ekitaldira joateko. Autobusean joateko izena online, Whatsappez (688738418), emailez (galtzaundi@galtzaundi.eus), telefonoz (943655004) edo presentzialki (Galtzaundiren egoitza, Plaza Berria 1, Tolosa) emateko aukera egongo da. Autobusak 15:30 eta 16:00 artean irtengo dira eta ekitaldia amaitutakoan bueltatuko dira. Izena emateko azken eguna ekainaren 10a izango da. Autobusak herri hauetatik irtengo dira: Amasa-Villabona, Irura, Anoeta, Tolosa, Alegia eta Ikaztegieta.