Tolosaldeko ospitale publikoa

«Planak ez dio aipamenik egiten Tolosaldeko ESIari»

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko ekainaren 3a

Tolosaldeko alkateen mugimenduko zenbait kide, gaur eguerdian, Asuncion Klinikaren atarian egin duten agerraldian. J. A. D.

Alkateen mugimenduak esan du plan funtzionalean proposatutakoa zentro sozio-sanitario bat dela, eta Asuncion Klinika publifikatzearen aukera aztertzea eskatu du.

31 herrik osatzen dute Tolosaldeko ESIa, eta ia denetako alkateak, hain zuzen 30, daude atxikita alkateen mugimendura. Bada, horietako zenbaitek agerraldia egin dute gaur Asuncion Klinikaren atarian, Osasun Sailak Tolosako osasun azpiegitura publiko berriarentzat prestatutako plan funtzionala aztertu ondoren ondorioak azaltzeko. «Tamalez, nabarmen antzematen da ez dituela Tolosaldeko osasun beharrak asetzen; eskaintza honek ez du behar dugun osasun arreta bermatzen», nabarmendu dute.

Larraitz Alkorta Asteasuko alkateak adierazi du «kezka handia» dutela. «Planak ez die gure eskualdearen gaur egungo eta etorkizuneko osasun beharrei behar bezala erantzuten». Era berean, salatu du udal ordezkariei ez dietela planaren prestaketa-prozesuan parte hartzen ahalbidetu, eta ez dela elkarlanerako benetako espaziorik sortu. «Iazko ekainean Osasun Sailarekin egindako bileratik hona, sentitu dugu ez dugula jaso merezi dugun informazioa eta aitortza».

Bestalde, plan funtzionalaren edukia aztertuta, Asteasuko alkateak esan du gaur egun eskualdean eskaintzen diren zenbait zerbitzu «nabarmen murriztu edo desagertuko» liratekeela. «Orokorrean, akutuen ospitalea desagertu, eta kronikoentzako ospitalea geratuko litzateke, Asuncionek gaur egun dituenak baino 30 ohe gutxiagorekin. Kirurgia orokorra eta traumatologiakoa desagertuko lirateke, kirurgia txikietara mugatuz. Ingresu Gabeko Kirurgia Unitatea (IGKU) bakarrik egongo litzateke. Proposatutakoa ez da eskualdeko ospitale oso bat, Donostiako ESlaren menpeko azpiegitura soziosanitario bat baizik. Horrela deskribatzen dute dokumentu osoan».

Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak gaineratu du «zentro sozio-sanitario bat» proposatzen dutela. «Planean ez da ospitale hitza erabiltzen; azpiegitura sozio-sanitarioaz hitz egiten da etengabe, eta horretarako ez da eraikin berri bat behar. Horretarako, adinekoen egoitzetan ohe gehiago sartu, osasun-taldeak indartu eta ospitaleratzeak ekiditeko zirkuituak antolatu daitezke. Hala ere, planteamendu honek ikuspegi integral bat eskatzen du, lehen arretatik hasita».

ESIa eta anbulatorioa

Alkortak salatu du informazio falta sumatu dutela alkateek. «Dokumentuan ez zaio aipamenik egiten Tolosaldeko ESIari. Ez du haren etorkizuna argitzen, ezta udalerriekin, osasun publikoarekin edo gizarte-zerbitzuekin izango dituen harremanak ere. Zertan geldituko da? Zer nolako koordinazioa egongo da bi ESIen artean? Integrazioaren ikuspegitik, Tolosaldeko ESla desegingo litzatekeela iruditzen zaigu». Halaber, salatu du plan funtzionalean ez dela azaltzen Tolosako anbulatorioarekin zer asmo dagoen, eta eraikinarekin zer gertatuko den galdegin du.

Tolosako alkatearen ustez, horrek «herritarren irisgarritasuna murriztu eta Donostiako ospitalearen gainkarga areagotu» dezake, «are gehiago gaur egungo saturazio-testuinguruan». Zentzu horretan, Martinez de Rituertok iritzi du plan funtzionalak eta Donostiako ospitalearen berrantolaketaren proposamenak, «halabeharrez, batera» joan behar dutela. «Batak bestea gabe ez du zentzurik».

Asuncion Klinika

Alkateen mugimenduak, plan funtzionalak aipatutako baldintza horiek bermatzen ez dituela iritzita, berriro eskatu du Asuncion Klinika publifikatzearen aukera «modu serio eta sakonean aztertzea». Uste dute bide horrek «azpiegitura eta bertako langile profesionalak baliatzeko» aukera emango lukeela, «langileen etorkizunari egonkortasuna eskaini eta eskualdeko osasun-zerbitzu publikoaren jarraitutasuna bermatuta».

Tolosako alkateak argi du klinikako langileak ez direla besoak gurutzatuta geratuko. «Bost urte barru klinika itxiko da, eta dagoeneko hasi dira beste aukera batzuk aztertzen, eta zenbait kasutan, klinika uzten. Horrek eragina izango du osasun arretan. Ezinbestean, areagotu egingo dira gaur egungo zerbitzua bermatzeko arazoak», esan du. Halaber, adierazi du alkateen ustez langileen aferari «soluzio bat» eman behar zaiola. «Ezin dira ekuaziotik atera. Azken bi hamarkadetan zerbitzu publikoa bermatu dute».

Ondorioz, plan funtzionala aintzat hartuta, eraikin berria bere horretan eraikitzea «beharrezkoa» ote den galdetzen dute alkateek. «Asuncion klinika publifikatzea bideragarria balitz, ez ote da zentzuzkoagoa Osakidetzak kudeaketa bere gain hartzea. Aurkeztutako plana aurrera eramateko, nahikoa dira klinikak dituen espazioak. Bestetik, langileen aferari irtenbidea emateko bidea erraztuko luke, eta zerbitzu publikoa bermatuta egongo litzateke», azaldu du Tolosako alkateak.

Baina, orduan, ospitale berria egitea onartzen ote duten galdetuta, Martinez de Rituertok erantzun du horretarako ez dutela arazorik. «Gure ustez, garrantzitsuena ez da azpiegitura fisikoa, zerbitzua baizik, baina une honetan proposatzen dutena zerbitzuaren murrizketa bat da. Askotan esan dugu zerbitzuen murrizketa hori argudiatuta egonez gero eta non eta nola artatuak izango garen argi adieraziz gero, aztertu genezakeela. Plana, ordea, guztiz zehaztu gabe dago».

Elkarlanerako prest

Alkateen mugimenduak helburu bakarra du: «Gipuzkoako gainerako eskualdeek duten osasun arreta publikoaren kalitate- eta zerbitzu-maila bera merezi dugu. Tolosaldeko herritar guztiek kalitatezko osasun arreta publikoa, gertukoa eta euskalduna jasotzea merezi dute». Hori lortzeko, «elkarlanerako prest» daudela berretsi dute. «Orain artean, ez dugu plan funtzionalaren gaineko elkarlanerako biderik izan, eta berriro ere eskua luzatzen diogu Osasun Sailari, gure kritika eta proposamenak entzun ditzan eta eskaintza berraztertu dezan».

Alberto Martinez osasun sailburuak gaur bertan egin du Iurreamendiko partzela lagatzeko eskaera. «Prozesu administratiboa eginda dago, eta guk ez dugu oztoporik jarriko. Tramiteak egingo ditugu orube hori dohainik uzteko, etorkizunean egitura soziosanitario bat eraiki dezaten», esan du Martinez de Rituertok.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!