Hamaikagarrenez gogoratu dute Txirrita

Ataria 2026ko ekainaren 2a

Igandean egin zuten XI. Txirrita Mendi Martxa. Edizio berezia izan da aurtengoa, mende erdia bete delako Txirrita zenaren heriotzatik.

Urteurrenaren egitaraua borobildu dute igandeko XI. Txirrita Mendi Martxarekin. Aurten 50 urte bete dira Jose Bernardo Bidaola Txirrita lizartzarra desagertu eta hil zutenetik, eta omentzeko hainbat ekimen antolatu dituzte elkarlanean Oargi elkarteak eta haren sendiak.

Igandeko mendi martxan bi ibilbide zituzten aukeran parte hartzaileek: motza, zeinak 22 kilometroko luzera eta 1.500 metroko desnibel positiboa zituen; eta, luzea, 40 kilometrokoa eta 3.000 metroko desnibel positibokoa. Eguna oraindik argitu gabe zela abiatu ziren ibilbide luzekoak 06:00etan Amezketako Bixente aterpetik; motzekoak, berriz, bi ordu eta erdi geroago, 08:30ean ekin zioten bideari leku beretik.

Bidean zeharreko kontrol puntuetara iristeko gutxieneko zein gehieneko denbora-tarteak zituzten, eta horietan ibilaldiko txartela zigilatzen zieten pasa ahala. Guztira, 440 mendizale inguruk hartu dute parte ibilaldian.

Antolatzaileek nabarmendu dute gustura geratu direla aurtengo edizioarekin, eta interesa dutenek argazki guztiak eskuragarri izango dituztela Oargi elkartearen web orrialdean.

Oargi mendi elkartetik gogobeteta hitz egin dute jarduera sortaren inguruan, eta igandeko mendi martxari dagokionez, lagundu izanagatik eskerrak eman dizkiete Txirritaren senideei, Arri Estudioari, Aizkardi eta Buruntzuntzin mendi elkarteei, Amezketako Udalari, Aralarko Adiskideak elkarteari, Bixente aterpeari eta Mahalari.

Argazkiak: Arri Estudioa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!