Izan ginen atzo Iruñeko Nafarroa Arenan. Badakizue zertara joanak: inguru honetako beste asko bezala, pilotako buruz buruko final nagusia ikustera, Iñaki Artola alegiarraren eta Dario Gomez ezkaraitarraren artekoa. Irabazten zuenak lehen txapela izango zuen, eta errioxarrek, gainera, zazpi hamarkada pasa zeramatzaten hori lortu gabe. Han, frontoi inguruetan, nahasian zebiltzan bataren eta bestearen zaleen ilusioa eta urduritasuna. Partida gogorra aurreikusten zen, inor-asko ez zen apustu garbirik egitera ausartzen, baina noski, bakoitzak geurea nahi genuen txapeldun, eta, horrek bereizten zuen aldekotasuna. Baziren, ez gutxi, aurten bai edo bai, txapelak Alegian bukatuko zuela uste zutenak ere. Hori ere, bai! Nik ez neukan hain garbi, bolada oso onean zetorren aurkaria baitzeukan.
Peio Etxeberriak eta Zabaletak, Jakari eta Mariezkurrenari eman zien buelta ikusita, ederra hau ere, altxa nintzen nire lekutik eta herritar batekin egin nuen topo: «Urduri?», galdetu zidan, eta nik: «Orain bai, ez zekiat eta bakoitzak zer proposatuko digun! Partida hasi eta hori ikusi hala, lasaituko nauk!». Eta hala zen. Goizetik hasita buruan nerabilkien kontua baitzen: Zein Dario ikusiko dugu? Elordi edo, batik bat, Altunaren aurkakoan txunditu gintuena? Ala, hainbeste harritu ez gintuen Lasoren aurkakoa? Eta, zein Iñaki ikusiko dugu, Peña, Zabala eta, batik bat, Lasoren aurkakoan xoratu gintuena? Ala, Larrazabalen aurka jokatu zuen hura? Senak esaten zidan, Altunaren aurkako Dario ikusiko genuela, eta Lasoren aurkako Iñakiren bertsio hobetua, behetik gora baitzetorren partidaz partida. Ezin nuena inolaz ere erabaki, zera zen: zein aterako zen garaile, zein jokoak menderatuko zuen bestea, zeinek moztuko zizkion bideak bestearenari.
Hasi zen partida, bere norabidea hartu zuen honek, eta, ustez, lasai ikusi nuen. Apunteak hartzen eta guzti aritu nintzen, pentsa! Bukatu zen. 22 eta 6, Dario Gomez ezkaraitarra txapeldun berria, nagusitasun osoz. Burumakur Iñaki, burumakur bere zaleok, poztasunez beterik eta hunkituta Dario, bere anaia eta hara bildu zitzaizkien zaleak, ez soilik errioxarrak, beste lurraldetakoak erakartzeko karisma badauka-eta mutilak. Ospakizunetan bertan erakutsi zuen bere gizatasuna, poztasuna agertzerakoan, nabarmentasunez makurrarazi berri zuen aurkaria tratatzeko eran, jota dagoena jateko inolako asmorik gabe. Elegante!
Eta partida, zer? Atzo gauean etxera etorri orduko idatzi izan banu, Dariok berea ondo egin zuela eta Larrazabalen aurka aritu zen antzera aritu zela Iñaki idatziko nuen, hantxe irteeran gertuko zenbaiti esan nien bezala. Konfiantzazko artolazale sutsu bati galdetu nion: «Eta zer jarri behar diat, Atarian?». Eta, hark, sententzia: «Iñakik final txarra, baina txapelketa ona!». Egokia iruditu zitzaidan momentuan, baina nahiago izan dut astelehen goiza argitzen ikusi, partida berriro ikusi bakarrik eta isiltasunean, eta gero idatzi. Eskerrak! Ez nintzen batere justua izango bestela, ezta urrik eman ere!
Agian, denak harrituko zaituztet. Nire iritziz, ez zuen partida txarra jokatu Iñakik, ez zait hala iruditzen; jokatzerik zeukan onena ez, ziur, baina txarra, ez! Itsu-itsuan joan eta jokaldi inozo pare bat egin zituela lehen koadroan tantoa bukatzera joanda? Bai! Eskuinez, une batzuetan, nahi baino gehiagotan, zalantza handiak sorrarazi zizkigula? Bai! Baina sake-errestoan oso-oso ondo jardun zen, noiz airera, noiz botera ondo erabakiz, ezkerrez, airez nahiz botez oso ondo aritu zen, eta partida aurrera joan ahala eskuinez ere botez nahiz besazpiz, Xabier Euzkitzek erakutsi digun bezala, hobeto aritu zen, dirdai berezirik gabe nahi bada, baina hobeto! Eta tanto guztiak borrokatu zituen, azkenera arte. Ez zian tantorik bukatu! Egia! Sei tantotatik, bakarra egin zuen jokoan, eta beste bat sakez. Beste laurak Dariok galdu zituen. Gure seme-alaben amonak ere – Amabirjinari piztu zion kandela erakutsi zidan Iruñera abiatzera gindoazela; kontrako errezoren bat egingo zuen – bidali zidan Whatsapp mezua: «Oso pilota zailak eramaten zituen, baina ez du asmatu».
Beraz, orduan? Bada, Jokin Altuna txapeldun ikaragarria 8an utzi zuen Dario aritu zela Nafarroa Arenan, Elordi eta Jaka txapeldunak ere tanto tarte handiz menderatu zituena; sekulako sasoia, sekulako joa, pilota guztietara iritsi eta agintzera igarotzen zena, ezker-pareta nonahitik bilatzen zuena, pilota nola nahi hala eta nora nahi hara zerabilkiena gehienetan, denak gozatzen zituena, zoria ere alde zuena behar izan zuen gutxi batzuetan, eta, behar bada, frontoia ere hobeto zetorkiona. Aitzakiaren bat beharko dugu! Bere 21. tantoa izan zen erakusgarri: Iñakik batera eta bestera pilota, ñaku perfektua txokora, kontrakantxatik hara ere iritsi eta gaizto jarri pilota, azkenean, eskuinkada luze bat sei eta erdian horman pilota jartzeko, eskua sartzerik ere ez zegoela. Gogoratzen Unai Lasoren keinuak Iñakiren aurkakoan, ezintasunaren ispilu zen aurpegi hura? Bada, halaxe, oraingoan, Iñaki bera. Zer genion, orduan? Iñakiren erakustaldia! Bada, gauza bera, baina Dariorena izatea! Eginahalak egin, baina ezin. Ezintasunaren aurpegia.
Pilotari handia, baga ona hartua eta sekulako bolada harrapatu duena zaukan aurrez aurre, eta kito! Ikaragarri jokatu zuen Dariok, gehiago izan zen, onartu eta zoriondu! Kirolean gerta daitekeen gauzarik arruntena gertatu zitzaion: egun, toki eta leku horretan beste bat hobea izatea. Baina Iñakik, ez dauka lotsatzeko arrazoirik, gutxiago txapelketa osotasunean hartzen badugu. Nola, bada! Hanka eta erdi kanpoan egon zen Durangon, hanka bat kanpoan eta bestea altxatuta Tolosan, eta segi egin zuen finalera sartu arte. Eta ezta jokatu zuen finalarekin: ahal zuen guztia egin zuen azken-azken tantora arte, eta hanka sartzeak hanka sartze, ez ziren hainbeste izan, ez zuen partida txarra jokatu, neurri handian oso aukera gutxi eman zizkiolako Dariok. Harena da meritua. Hauxe da pentsatzen dudana; eta ezagutzen nautenek badakite ez naizela zurikeria zalea. Oraingoan, Dario Gomez ikaragarri bat egoki zaigu eta, beste behin, txapela beste sala batera. Kolpe gogorra hartuko zuen Iñakik, zenbat lan eta ilusio bidean, baina hitz ederrak jarriak dauzka kontu horri buruz, eta berrituko da. Zaleok ere, gauza bera. Honelakoetan behar gaitu, ez?
Eta azken horri lotuta, bukatzeko, badut damu bat, aitor dezadan: ez nuen Alegiako ongietorri afarirako txartelik hartu, eta ez nintzen joan. Justu, joan behar izaten denean.