«ATARIAk ahotsa ematen die, bestela, agian, oihartzun handirik izango ez luketen pertsona, elkarte, sortzaile eta proiektuei»
Shrabani Aranzabe-Pita, Alkizako harpideduna- Noiztik babesten duzu ATARIA, eta zergatik? Kontzienteki, nik neuk harpidetuta, 2020tik babesten dut ATARIA; hala ere, etxean betidanik izan da presente. Gure egunerokoaren parte izan da, inguruan gertatzen dena ezagutzeko eta komunitatearekin lotuta sentitzeko leiho bat da.
ATARIAk egiten duen lana oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Alde batetik, euskarazko hedabidea delako, eta horrek berez baduelako balio handia gure hizkuntzaren normalizazioan eta biziberritzean. Bestetik, gertuko errealitateari erreparatzen diolako: gure herrietako albisteak, pertsonak, ekimenak eta kezkak jasotzen ditu. Mundu globalizatu honetan, gertukoa kontatzeko eta zaintzeko espazioak ezinbestekoak dira, eta ATARIAk hori egiten du egunero-egunero.
- Zein ekarpen egiten du ATARIAk eskualdean zuen ustez? Garrantzia al du tokiko kazetaritzak eskualdean? Ekarpen oso handia egiten duela esango nuke. Tokiko kazetaritzak badu askotan ikusten ez den balio bat: komunitatea eraikitzen du. ATARIAk ahotsa ematen die, bestela, agian, oihartzun handirik izango ez luketen pertsona, elkarte, sortzaile eta proiektuei. Ez da albiste puntual bat ematera mugatzen; askotan prozesuak jarraitzen ditu, atzean dagoen lana erakusten du, eta horrek pertsonak eta ekimenak sakonago ulertzeko aukera ematen du.
Gainera, talentua ikusarazteko eta garatzeko bide bat da. Gure inguruan gauza interesgarri asko gertatzen dira, eta hedabideak horiek balioan jartzen ditu. Tokiko eragileak, kultur proiektuak, ekimen sozialak edo herritarren ahotsak ikusgarri egiten ditu, eta horrek komunitatearen autoestimuan ere eragiten du.
Niretzat, ATARIA ez da informazioa ematen duen hedabide bat bakarrik; komunitatea zaintzen duen tresna bat ere bada. Gure artean loturak sortzen laguntzen du, elkar ezagutzen eta elkar aitortzen.
- Zein mezu helarazi nahi diezue ATARIAko irakurleei? ATARIAren irakurle eta harpidedunei eskerrak emango nizkieke, lehenik eta behin. Hedabide batek ezin duelako existitu komunitaterik gabe, eta komunitateak ere behar dituelako bere ispilu eta bozgorailu diren komunikabideak.
Uste dut harpidedunek, irakurleek, kazetariek, kolaboratzaileek eta albisteetako protagonistek osatzen dutela ATARIA. Denok gara sare horren parte, eta batak bestearen beharra dugu. Horregatik, ATARIA babestea ez da soilik hedabide bat babestea; gure hizkuntza, gure kultura, gure herriak eta gure komunitatea zaintzea ere bada.
Elkar zaintzan dago gakoa. Eta ATARIA bezalako proiektuek erakusten digute komunitate sendoak eraikitzen direla entzunez, kontatuz eta partekatuz. Horregatik, jarrai dezagun elkarri lekua egiten eta elkarri ahotsa ematen. Hori baita, azken finean, benetan indartsu egiten gaituena.
«0 KM informazioa babestu behar da eta zailtasun guztiei aurre egin»
Jokin Arrospide, Leaburuko harpideduna- Noiztik babesten duzu ATARIA, eta zergatik? Betidanik babestu izan dugu ATARIA proiektua.
- Zein ekarpen egiten du ATARIAk eskualdean zuen ustez? Garrantzia al du tokiko kazetaritzak eskualdean? Gure ustez gertuko informazioa beharrezkoa da; 0 KM informazioa babestu behar da eta zailtasun guztiei aurre egin. Gure hizkuntza zaindu behar dugu, eta horrelako proiektuak ezinbestekoak dira bide horretan.
- Zein mezu helarazi nahi diezue ATARIAko irakurleei? Lehen sektoreak gure hizkuntzan egon behar duela, bere horretan, manipulatu eta erabili gabe.
«Beste hedabide orokorrak iristen ez diren herri txikietako eta tokietako berriak
irakurtzeko aukera ematen du»
Iker Telletxea, Ibarrako harpideduna- Noiztik babesten duzue ATARIA, eta zergatik? ATARIA betidanik babestu dugu. Hasieran, gurasoen izenean zegoen harpidetza, Tolosaldeko Hitza zen garai haietan. ATARIA sortu zenerako Ibarrara bizitzera etorria nintzen jada, eta harpidetza nire izenean zegoen. Bertako berriak euskara hutsean irakurtzeko modu bakarra zelako egin ginen harpidedun.
- Zein ekarpen egiten du ATARIAk eskualdean? Garrantzia al du tokiko kazetaritzak eskualdean? Beste hedabide orokorrak iristen ez diren herri txikietako eta tokietako berriak irakurtzeko aukera ematen dute ATARIA moduko hedabideek. Nik, adibidez, kirola dezente jarraitzen dut, eta garrantzitsua da eskualdeko kirolari zein taldeen emaitzei jarraipena egitea.
- Zein mezu helarazi nahi diezu ATARIAko irakurleei? Jarrai dezatela bertako hedabideak babesten eta euskara bultzatzen.
«Euskara, kultura eta tokiko kazetaritzari merezi duen lekua ematen jarraitu»
Oihane Urdangarin, Albizturko harpideduna- Noiztik babesten duzu ATARIA, eta zergatik? Denbora asko da ATARIA babestu nahi nuela. 2023 urtearen erdi aldera izan nuen aukera ATARIA babesten hasteko. Hainbat arrazoi eman ditzaket, baina modu labur batean, niretzat euskara eta tokiko kazetaritzak garrantzi handia du, esan daiteke horregatik hasi nintzela ATARIA babesten.
- Zein ekarpen egiten du, zure ustez, hedabideak? Garrantzia al du tokiko kazetaritzak eskualdean? Eskualdeari hainbat ekarpen on egiten dizkio hedabide honek: euskara babesten du, tokiko kazetaritzari ere bere lekua ematen dio, eta zer esan kulturaren inguruan. Aurrez adierazi dudan bezala, tokiko kazetaritzak garrantzi handia du horrelako ekarpen batean.
- Zein mezu helarazi nahi diozu ATARIAko irakurleei? Nire aldetik mezu bakarra helarazi nahiko nuke: euskara, kultura eta tokiko kazetaritzari merezi duen lekua ematen jarraitzeko, orain egiten duten moduan. Beraiek gabe ATARIA ez litzateke egongo, eta ez luke izango merezi eta duen garrantzia.