Goi mailako euskal kirolarien beste aldea erakusten jarraituko du ‘Matx’ podcastak. Iazko denboraldiak izandako harrera ikusirik, bigarren bat egitea erabaki dute. Eta oraingo honetan ere, Basque Team fundazioarekin elkarlanean ekoiztutako saioa izango da. Kirol minoritarioetan gorenean dauden euskal kirolariak izango dira gonbidatuak, eta Nahia Zudaire igerilari zubietarra izango da aurtengo lehen protagonista.
Ez dira ohiko kirol elkarrizketak izango; kirolaz hitz egingo bada ere, kirolarien beste aldea ezagutzeko helburua izango du saioak. Berriketaldiaz gain, galdera intimoak edo jolas dibertigarriak ere proposatuko dira. «Ohiko kirol elkarrizketak alde batetara utzi eta kirolariekin ondo pasatzea nahi dugu. Kirol entretenimenduzko saio bat da gurea», adierazi du saioko aurkezle Aratz Losadak.
Sei kapitulu
Matx podcastaren bigarren denboraldiak sei kapitulu izango ditu, eta hileko azken igandetan estreinatuko dira. Abuztuan eta abenduan izan ezik, gainontzeko hilabete guztietan elkarrizketa berri bat entzuteko edo ikusteko aukera izango dugu.
Kapitulu guztiak Matx.eus sare sozialean egongo dira inon baino lehen. Era berean, Basque Team-en plataforma digitalek, Matx-enek eta Tokikom taldeko hainbat toki komunikabidek ere eskainiko dute saioa euren webguneetan, telebistetan eta irratietan. ATARIA ‘Matx’ proiektuko kide denez, igandeko saioaren aurrerapena eskaintzen dizu.