Buruz Buruko Pîlota Txapelketako finalean izango da bigarren urtez jarraian Iñaki Artola. Joan den urtean Jokin Altunaren aurka jokatu zuen, eta 22-19 galdu zuen alegiarrak. 2021eko finalerako ere sailkatu zen, eta kasu hartan ere amezketarra izan zuen txapela lortzeko lehian aurkari, baina ezin izan zuen jokatu lesionatu egin zelako. Igandeko finalean Dario izango du aurrez aurre Nafarroa Arenan. Apustuei begiratuz gero, errioxarra zertxobait faboritoago da. Alegiako nahiz eskualdeko herritarrentzat, ordea, Artola da faborito nagusia, eta buruz buruko lehen txapela nola janzten duen ikustea amesten dute.
Animoak eta ekitaldiak ez ditu faltako alegiarrak. Asko izango dira Iruñeko finalera joandakoak. Beste askok Alegian bertan jarriko duten pantaila handian jarraituko dute festa giroan. Finala amaituta, irabazi ala galdu, ongietorria egiteko zain egongo dira herrian, eta ondoren, guztiek batera afalduko dute.
Bada, une horietan guztietan izango da Ataria igandean. Nafarroa Arenan zaleekin batera partida jarraitzen, Alegiako plazan pantaila handiaren bueltako giroa hartzen, ongietorrian eta ondorengo festan. Guztiaren irudiak gertatu ahala izango dira ikusgai Ataria.eus-en. Buruz buruko finalak egunkarian ere leku berezia izango du, eta astearteko aleak igandeak emandako nabarmenena jasoko du.
Babesteko beharra
Igandekoan bezala, Tolosaldearentzat bereziak diren egun eta ekitaldietan izaten da Ataria, herritarrei informazio zuzena eta gertukoa helarazteko helburuarekin. Eginkizun horretan jarraitu ahal izateko funtsezkoa da proiektua babestea. Beraz, babesten baduzu zabaldu mezua ingurukoen artean, eta oraindik babesten ez duen horietakoa bazara, egin Atarikide!