Emakumezkoen Gipuzkoako VI. Itzuliak hiru etapa izan ditu, ostiraletik igandera bitartean, eta lehenengoa Tolosan egin zuten. Erlojupekoa izan zuten jokoan, eta Tolosako kaleetatik eta errepideetatik igaro ziren txirrindulariak. Proba osoa bukatuta, open mailan, 23 urtez azpikoak eta elite mailakoak biltzen dituenak, Maier Olano tolosarrak bigarren postua lortu zuen sailkapen orokorrean. Massi Baix Ter taldeko txirrindulariaren aurretik Maite Urteaga (Grupo Eulen-Amenabar) sailkatu zen. Urteagak 4.01.03ko denbora egin zuen, eta Olanok 1.18 gehiago behar izan zuen. Sailkapen orokorreko hirugarrena Bianca Olympia Norrid-Mortensen izan zen, irabazlearengandik 3.16ra. Izaro Etxarri adunarrak (Eustrak-Euskadi) zazpigarren egin zuen, 4.46ra.
Lehenengo etapan, Tolosako erlojupekoan, open mailan bigarren izan zen Etxarri, Olano hirugarren eta irabazlea Urteaga izan zen. Hain justu, Urteagak hiru etapak irabazi zituen. Bigarrena Deban hasi eta bukatu zen, eta hor bigarrena Olano izan zen. Elgoibarren hasi eta bukatu zen hirugarren etapan ere lehen bi postuak errepikatu egin ziren. Sailkapen orokorrari begira, Olano bigarren gipuzkoarra izan zen eta Etxarri hirugarrena, eta 23 urtez azpiko sailkapenean, Olano izan zen irabazlea eta Etxarri bigarrena.
Junior eta kadete mailan Tolosako Oriako Txirrindulari Eskolako ZU-K Limousin taldeak parte hartu zuen. Bertako Maixa Odriozolak seigarren postua lortu zuen junior mailan sailkapen orokorrean. Kadete mailan taldeko Malen Iurritak zazpigarren postua lortu zuen sailkapen orokorrean.