Tolosako HHIko egoitza Izaskun auzoan dago, baina Villabonan baditu beste bi ikasgela, udaletxeko behealdean. 200 bat ikasle eta bederatzi irakasle aritzen dira, eta horietako bat da Olga Villa Basterretxea (Gernika, Bizkaia, 1966). Hogeita hamar urte baino gehiago daramatza Larraulen bizitzen. Bera izan omen zen herriko lehenengo «kolonizatzailea», dio umorez.
Irakaskuntzan jardun duzu beti?
Bai. Bizitza osoa daramat irakaskuntzan, karrera bukatu nuenetik, 20 urterekin. Zerrendatan eman nuen izena eta Gipuzkoako Lehen Hezkuntzako hainbat eskolatan aritu nintzen gaztetan, Asteasun, Hernanin, Oiartzunen... Ingelesezko habilitazioa daukat eta eskola txiki batean baino gehiagotan aritu nintzen aldi berean irakasle: Belauntzan, Albizturren, Zizurkilen eta Alkizan. Hasiera oso politak izan ziren. Gero, urte asko eman nituen Alkizako eskolan irakasle. Etapa hori ixtea erabaki nuen, eta hona etorri nintzen Helduen Hezkuntzako Ikastetxera. Zortzi-bederatzi urte daramatzat.
Zergatik helduen irakaskuntza?
Lasaiagoa delako. Malguagoa da funtzionamendua, txosten gutxiago egin behar ditugu, eta burokrazia ez da LHn bezainbestekoa. Ez ditugu gurasoekin bilerak egin behar, eta ikasleak helduak direnez, askoz lasaiagoa da eskolen martxa. Errespetu handia digute irakasleoi eta dena errazagoa da. Eroso ari naiz hemen. Dena den, hezkuntza publikoan, horrelako ikastetxe batean plaza lortzeko puntu asko behar dituzu, esperientzia dezente. Nik beti diot hainbeste energiarekin aritu beharrak estresatzen bazaitu, gisa honetako ikastetxe bat dela tokirik aproposena. Gu bezalako dinosauroentzat, egokia.
Zer-nolako eskaintza egiten duzue ikastetxean?
Hiru ziklotan banatuta dago ikastetxea, eta zikloz ziklo ikasketa maila gorantz doa; azkenekoa, hirugarrena, DBHko titulua eskuratzeko maila izaten da. Ziklo bakoitza lau modulutan banatuta dago, eta horietako bakoitzaren iraupena lau hilekoa izaten da, gutxi-gora behera —irailetik otsailera eta otsailetik ekainera—. Astean hamabi-hamabost orduko eskolak izaten dituzte ikasleek.
Zein mailatan aritzen zara zu irakasle?
Ni lehenengo eta bigarren ziklotan aritzen naiz. Hirugarren zikloan aritzeko eskatzen duten titulazioa DBHn edo Batxilergoan klase emateko eskatzen duten bera da, eta nik LHkoa daukat. Horrekin batera, hezkuntza ez arautuan ingelesa ematen dugu. Tolosarrei, normalean jubilatu elkartekoetakoei edo lanerako errefortzua behar dutenei ematen dizkiegu eskolak. Aurten ni ez nabil horretan, baina hezkuntza ez arautu horretan arte klaseak ere eman izan ditut.
Zenbat ikasle dituzu guztira?
Tolosako egoitzan 30 inguru izango dira eta Villabonan beste 25 ikasletik gora. Adibidez, lehen zikloan, lehenengo moduluan izena ematen dutenak oso maila baxukoak dira; askotan nahiz eta gazteak izan, ez dakite ez idazten ez irakurtzen, bizitza osoa lanean eman dutelako eta ez direlako behin ere eskolara joan. Ez lehenengo modulua bakarrik, lehenengo zikloko gainerako hiruak ere alfabetatzeko balio dute. Horregatik, euren bizitzarako baliagarriak diren gaiak lantzen ditugu, praktikotasunera begira: familia, ofizioak, erosketak… Egunerokoan oinarrizko hori adierazteko gai izan daitezela bilatzen dugu.
Zer-nolako profiletako ikasleak dituzue?
Bada, ia denak migranteak dira. Marokoarrak, ukrainarrak, senegaldarrak, nigeriarrak, errumaniarrak… Villabonako eskoletara, adibidez, etxe gabe dauden gazteak etortzen zaizkigu, kanpin dendatan lo egiten dutenak. Pentsa ezazu zer egoeratan dauden, jatekorik eta janztekorik gabe, higiene baldintza eskasetan...
Zaila da horrelako egoeretara ohitzea?
Ez da erraza. Herritarren gehiengoarentzat pateran etortzen diren horiek urrutiko kontuak dira, baina guk eguneroko tratua dugu haiekin. Aurrekoan Kanarietan erreskatatutako migranteen irudiak ikusten ari nintzela, nire artean pentsatu nuen, balitekeela horietakoren bat hemendik gutxira nire ikaslea izatea. Esperientzia gogor horiek bizi izan dituztenek kontatzen digute zer-nolako ibilbidea egin duten hona iritsi aurretik. Ikaragarria da.
«Herritarren gehiengoarentzat pateran etortzen diren horiek urrutiko kontuak dira, baina guk eguneroko tratua dugu haiekin»
Zaila al da zuentzat egoera horien aurrean distantzia hartzea?
Irakasleok errukitu egiten gara askotan, ikasle denak eramango genituzke etxera. Oso gogorra da, baina horretara moldatu behar izaten dugu azkenerako, bestela, etxera negarrez joango ginateke egunero. Oso-oso egoera zailak ikusten ditugu, eta ahal den neurrian laguntzen diegu. Arropa ekartzen diegu, adibidez.
Zuk zer-nolako tratua duzu ikasleekin?
Babesa sentitzen dute, eta norbait sentitzen dira, kasu egiten zaiela konturatzen dira. Ni ez naiz lausengatzen ibiltzen den horietakoa, baina nahikoa da haiei izenez deitzea edo haien senitartekoez galdetzea, autoestimua pixka bat irabaz dezaten; bestela, kalean dabiltzan zonbiak bihurtzen dira. Ni arduratzen naiz haien egoeraren berri izateaz, ahal dudan neurrian laguntzen. Gainera, orain, zer eta gure bizpahiru ikaslek esan digute hemengo etxebizitza batean erroldatzearen truke ordainarazi egiten dietela; alokairu hipotetiko bat ordaintzen dute, nahiz eta etxe horretan ez bizi. Migranteekin dirua irabazten saiatzen diren mafiak urrutiko gauza direla iruditzen zaigu, baina zenbait euskaldun hasita daude horrelako praktikekin. Benetan, salagarria iruditzen zaigu. Onartezina.
«Bizpahiru ikaslek esan digute hemengo etxebizitza batean erroldatzearen truke ordainarazi egiten dietela. Benetan salagarria da»
Ikasle profilean sumatzen al duzu aldaketarik hasi zinenetik hona?
Bai. Esango nuke komunitate asko hemen errotzen hasita daudela. Hona iristea lortzen du batek, eta gero horrek berak bere senitartekoak ekartzen ditu. Badakizu zer den haientzat osasun arreta ziurtatuta edukitzea? Edo umeak, doan, haur eskolara eraman ahal izatea? Minez egon eta gaiztotutako hagina aterako dietela jakitea? Ikastera etorri ahal izatea bera? Askok euren herrialdean ezin izaten dute gutxieneko hori ere ziurtatu.
Zein da haien motibazioa HHIn izena emateko?
Nagusiki gaztelania ikasi nahi izaten dute. Kontuan hartu behar da Lanbideko ikastaroren bat egiteko, edo zerbitzu batzuk jasotzeko, gutxieneko bat jakin behar dutela gaztelaniaz. Hori ziurtatu nahian etortzen dira asko.
Eta euskara?
Hori da nire minik handiena ikastetxe honetan: gaztelaniaz erakutsi beharra. Lehen zikloan dena gaztelaniaz izaten dute; hitz gutxi batzuk erakusten dizkiegu, baina ezer gutxi. Bigarren zikloan, arloetako bat da euskara, baina matematika den bezala. Ez dut neure burua errekonozitzen erdaraz eskola ematen. Behin baino gehiagotan erakutsi izan dut nire desadostasuna kontu honekin, baina, itxura denez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez du nire ikuspegia partekatzen. Iruditzen zait ahalegin bat egin beharko litzatekeela, beste zenbait lekutan egin duten bezala. Bere garaian galdezka aritu nintzen eta badakit Kataluniako hainbat HHIn hasiera-hasierako zikloetan ere hasten direla katalanarekin.
Zer erraztuko litzaieke zure ikasleei euskara jakitean?
Hemengo gizartean hobeto txertatuko lirateke. Askotan esaten diet, euskara ikasiz gero ate asko zabalduko zaizkiela. Nik animatzen ditut euskaltegira joatera. Baina, haiek esaten dute aurrena gaztelania ikasi nahi dutela. Hori egiten zaie, nonbait, baliagarri.
Hizkuntza muga da zuen langintzarako?
Batzuetan bai. Badira gaztelania jakin gabe etortzen direnak ere, edo oso-oso gutxi ulertzen dutenak. Haiei oinarritik irakatsi egin behar zaie hizkuntza. Horretarako, imintzioka jardun behar izaten dugu; keinuen bidez adierazi behar diegu zertaz ari garen hizketan. Eskerrak nik ingelesa menderatzen dudan, eta ikasleetako askok ere badakitela hizkuntza hori. Eskola honetan nabilenetik, hitz batzuk ikasi ditut frantsesez, eta aukera izan dut ikasleen jatorrizko hizkuntzak ezagutzeko. Aberasgarria izan da niretzat.
Zer moduzko harremana duzu ikasleekin?
Oso ona. Ikasleek errespetuzko harremana dute nirekin, zenbait garaitan gehiegizkoa. Nire izenez deitu beharrean, «profesora» esanez gerturatzen zaizkit, edo komunera joateko baimena ere eskatzen didate. Ikasle gehienek garrantzi handia ematen diote ikasteari, eta aurrerapausoa eman dutela ikusten dutenean, asko poztu eta esker ona adierazten digute. Haientzat garrantzitsua da. Edozein garaitan etortzen zaizkit pasta batzuekin edo nire urtebetetzea delako, opariren batekin. Oso jende jatorra da. Aurreiritzi asko ditugu haiekiko, baina ezagutzen dituzunean konturatzen zara zeinen jende ona den. Esaten dute delitugile eta lapurrak direla, baina hori gezurra da. Errespetu handiarekin datoz, eta ondo jokatzeko gogoz daude.
Une zailen bat bizi izan duzu eskolan?
Bai, horrelakoak ere badaude. Batez ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna auzitan jartzen dutenean pasatzen zait, edo harreman homosexualak arbuiatzen dituztenean. Horrelakoetan sutan jartzen naiz.
Eta zer egiten duzu okasio horietan?
Argi esaten diet gizarte honetan berdintasuna ezin dela auzitan jarri; honaino iritsi baldin bagara, eskubide batzuk aitortzen bazaizkigu, jende askok borroka egin duelako izan dela, eta, hortaz, atzerapausorik ez dugula onartuko.
Alderantziz, beste jatorri bateko ikasleetatik balioren bat ikasi duzu?
Bai. Harrigarria da musulmanek, adibidez, euren adinekoei dieten errespetua. Alaren agindutzat ikusten dute gazteek aldamenean duten adinekoari laguntzea, berdin dio emakumea zein gizona izan. Eskolan, esate baterako, ikaragarri laguntzen diete adin nagusikoei. Polita da. Gogoan dut semearen anparoan etorri zen emakume bat: lotsatuta etorri zen lehenengo egunean, baina aldartea aldatu zitzaion ikasten eta beste ikaskideekin harremanak egiten hasi ahala, eta poz handiarekin etortzen da orain eskolara. Jarrera horrek asko laguntzen du ikasteko prozesuan.
Oro har, pozik etortzen al dira ikasleak ikastetxera?
Bai. Horretan ere, esango nuke kulturak baduela zerikusia. Afrika Beltzean jatorria dutenek beste aiurri bat dute: beti daude irribarrez, bromatan, ikasteko gogoz... Iritsi berri dira mutil gazte batzuk Malitik Tolosara, ACNURrek kudeatzen duen Zuloaga Txikiko aterpetxera, eta gurean ikasten hasi dira. Mutil jator-jatorrak dira; miseria gorrian bizi arren, beti irribarrea dute ahoan. Senegal, Ginea, Kamerun eta herrialde horietakoek beste jarrera bat dute. Beti aurrera egin nahian dabiltza.
HHIn ibilbide osoa egiten duten ikasleak badaude?
Gutxi. Ikasleetako asko mugitu egiten dituzte egun batetik bestera, eta klasean haiei buruz galdetu, eta Bilbora edo beste lekuren batera joan dela erantzuten dizute haren kideek. Beste askok bizi-baldintza zailak dituzte, eta eskolara etortzea ez da haien lehentasunen artean sartzen.
Zein dohain behar ditu helduekin ari den irakasle batek?
Horrelako leku batera iristerakoan, behar duzu irekitasun pixka bat, besteengandik ikasteko jarrera. Erakusteko gogoa eta sinpatia pixka bat. Migranteekiko enpatia puntu bat, eta sozializatu daitezen lagundu nahi izatea.
«Horrelako leku batean behar duzu irekitasuna, besteengandik ikasteko jarrera, besteei erakusteko gogoa, eta, gainera, sinpatia pixka bat»
Irakasle ofizioak bokaziozkoa behar du izan?
Ez dut uste; oso ofizio gutxitan ezagutu dut nik hori. Ni irakaslea naiz, eroso eta gustura ari naiz helduen irakaskuntzan, baina niretzat lana da. Hona etorri gabe ere biziko nintzateke. Dena den, uste dut bokaziorik gabe ere, norberak bere lana egin dezakeela profesionaltasunez. Ni horretan saiatzen naiz egunero.