Hezkuntza Sailari hitza betetzeko eskatu diote

Ataria 2026ko maiatzaren 21a

LAB sindikatuak deituta ordubeteko lanuzteak egin dituzte ikastoletan. Eskualdean, besteak beste, Laskorain eta Uzturpe ikastoletako kideak atera dira kalera. Tolosan goizez mobilizatu dira eta Ibarran eguerdian. Hezkuntza Sailari zuzendu zaizkie, «akordio laborala» betetzeko eskatuz.

LAB sindikatutik azaldu dutenez, «Hezkuntza Sailak sindikatuarekin 2023ko ekainean izenpetutako lan akordioak EAEko ikastoletako langile guztien soldatak 2027rako sare publikokoekin erabat parekatzea aurreikusten bazuen ere, 2025 urteaz geroztik egin diren soldata eguneraketek kanpoan utzi dituzte hainbat kategoria, besteak beste, Haur Hezkuntzako 1. zikloko hezitzaileak eta administrazio, jangela, garbiketa, mantenu eta garraioko langileak».

Horrez gain, akordioak aurreikusten zuen ikastoletako langileen lan baldintzen homologazio azterketarekin hasi ere ez direla egin esan du sindikatu abertzaleak; hori dela eta, soldata arrakala areagotu dela uste du LABek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!