Zortzi urteko lanen ondotik, Gipuzkoako Foru Aldundiak asteburu honetan amaituko ditu A-15 errepideko tunelak birgaitzeko lanak. Hala, eta aurreikuspenak betetzen badira, igandea, hilaren 24an, irekiko dute guztiz errepidea.
Asteburuan behin-behineko seinaleak eta obrako gainerako elementuak kenduko dituzte, eta, lan horiek gauzatzeko, errepidea itxiko dute Andoain eta Berastegi artean ostiral gauetik aurrera.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2018an hasi zituen lanak San Lorentzo tunelean, eta 95 milioi euro eta 8 urte behar izan dituzte lau tunelak guztiz berritzeko. Belabietako tunelaren irekierak amaiera emango die zirkulazioan eragozpen handiak eragin dituzten lanei. Irune Berasaluze Aldundiko bozeramaleak adierazi du konplexutasun tekniko handiko prozesua izan dela, eta eskerrak eman dizkie erabiltzaileei urte guzti hauetako izandako pazientziagatik.
Eider Mendoza diputatu nagusiak azpiegitura bisitatu du, Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuarekin batera, eta azpimarratu du A-15eko jarduketa «aurrerapauso garrantzitsua» dela lurraldearentzat, «ahalegin eta denbora handia» behar izan baitira “kontrol sistemarik zorrotzenak ezartzeko, egitura sendotzeko eta jasangarritasuna hobetzeko“. Horrekin batera, errepideek Gipuzkoa egituratzen duten azpiegitura gisa duten funtsezko zeregina nabarmendu du diputatu nagusiak: «herriak eta eskualdeak lotzen dituztelako, eta enpresen lehiakortasunerako funtsezkoak direlako». «Lehiakortasunaz eta mugikortasunaz hitz egiten dugu etengabe, baina errepide sare eraginkor, moderno eta segururik gabe, hori ez da posible», azpimarratu du, Aldundiak lurraldeko errepide sare osoa hobetzeko duen konpromisoa berretsiz. Mendozak, halaber, eskerrak eman nahi izan dizkie erabiltzaileei eta obra luzeen eraginpean egon diren udalerrietan bizi diren pertsonei, modu horretan egin behar izan baitira lanak, azpiegiturak une oro martxan mantendu ahal izateko eta Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen dituen funtsezko komunikazio bide horretan trafikoa mantentzeko.
Tunel «seguru, jasangarri eta adimendunak»
Egindako hobekuntzei esker azpiegitura aurreratu, adimendun eta jasangarriagoa da Belabietako tunela bera (1.836 metro luze eta multzo osoko luzeena), eta baita Gipuzkoako A-15eko gainerako hirurak ere. Segurtasun arloari dagokionez, 150 kamera inguruko sistema bat instalatu da, ikusmen- eta adimen-artifizialez hornituak, tunelak eguneko 24 orduetan monitorizatzen dituztenak eta intzidentziak denbora errealean detektatzeko gai direnak, erantzuteko protokoloak automatikoki aktibatuz, suertatuz gero. Hori guztia departamenduak Miramonen (Donostia) duen kontrol zentro berrituan kudeatzen da. Zentro horretatik kontrolatzen dira tunelak, eta erabiltzaileekin zuzeneko komunikazioa izan daiteke bertatik, megafoniaren eta seinale aldakorreko panelen bidez.
Gainera, azpiegiturak berak baditu galtzadan bertan detekzio-sistemak, asfalto azpiko sentsoreen bidez, kontrako noranzkoan ibilgailuak detektatzeko, edukiera neurtzeko eta auto-pilaketei aurrea hartzeko. Aireztapen-sistemak, bestalde, etengabe monitorizatzen du airearen kalitatea, eta algoritmo aurreratuen bidez erregulatzen da funtzionamendua, zirkulazio-baldintza egokiak bermatuz, eta, sutea gertatuz gero, tunelaren gangan kea jaso eta eusteko aukera emanez, ebakuatzeko denbora emateko. Horrez gain, sute-ahoen sarea eta suhiltzaileentzako ur-biltegi bana instalatuko dira larrialdietan esku hartzeko gune estrategikoetan.
Energiaren arloan, instalazio elektriko berriak, efizientzia hobetzeaz eta kontsumoa murrizteaz gain, kanpoko baldintzetara eta ikuspenera egokitzen diren argiztapen moldagarriko sistemak ditu, modu seguruagoan gidatzeko. Era berean, sistemak etengabeko elikadurarako gailuak (SAI) eta ekipo elektrogenoak ditu, hornidura elektrikoan gerta daitezkeen gorabeheren edo mozketen aurrean azpiegituraren funtzionamendu autonomoa bermatzeko. Azkenik, jasangarritasuneko soluzio espezifikoak txertatu dira, hala nola tunelaren barruko isurketak biltzeko eta tratatzeko sistema bat, isuririk izanez gero hondakinak behar bezala bideratzeko, iragazteko eta kudeatzeko aukera ematen duena.