'Egun batez kazetari' udako tailer dibertigarria

Ataria 2026ko uztailaren 2a

ATARIAtik proposamen berezi bat luzatu dugu udalekuetarako: Egun batez kazetari tailerra.

Iritsi da gure herriko kaleak eta plazak umeen oihartzunez betetzen diren garaia. Udako udalekuetan, aisialdiaz gozatzeaz gain, haurrek munduarekiko jakin-mina pizteko aukera bikaina dutela uste dugu. Horregatik, ATARIAtik proposamen berezi bat luzatu dugu udalekuetarako: Egun batez kazetari tailerra. Tailer hori ikasleei euskarazko tokian tokiko komunikaziora gerturatzeko ikasturte osoan irekita dugun Erakutsiz Ikasi proiektuaren barruan kokatzen dugu, eta udarako ludoteka zerbitzuetan eskaintzen dugu. Datozen asteetan Alkiza, Albiztur, Larraul, Aduna, Bidania-Goiatz eta Gaztelun eskainiko dugu tailerra.

Zer eskaintzen dugu?

Gure helburua kazetaritza eta komunikazioa haurrei modu praktiko eta ludikoan hurbiltzea da, euskara ardatz hartuta. Ez da ohiko saio teoriko bat izango; eskuak zikinduz eta sormena landuz ikasiko dugu. Saioan zehar, honako ekintzak egingo ditugu:

  • Mikrofonoak eta kamerak: haur bakoitzak bere mikrofonoa eta kamera eraikiko ditu material birziklatuekin.

  • Munduaren berri eman: albiste bitxiak asmatuko ditugu eta elkarrizketen bidez gazteak kazetari lanetan jarriko ditugu.

Zergatik gurekin?

ATARIAn badakigu zein garrantzitsua den hizkuntza eremu informaletan eta dibertigarrietan sustatzea. Tailer honekin, haurrak komunikazioaren protagonistak bihurtuko ditugu, euren autoestimua eta talde lana indartuz.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!