Arguedaseko erailketa matxista salatu dute eskualdeko hainbat herritan

Ataria 2026ko maiatzaren 20a

Itaiak deituta atzo egin zuten elkarretaratzea Trianguloa plazan. Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxak deituta, atzo eta gaur egin dituzte mobilizazioak.

Anoetan, Berastegin, Zizurkil eta Villabona arteko zubian, Asteasun eta Tolosan Arguedaseko 44 urteko emakumea gogoan izan dute, eta bere erailketa matxista salatzeko kalera irten dira eskualdeko herritarrak.

Asteasuko elkarretaratzean, «haserrea eta samina» plazaratu nahi izan dute. Indarkeria matxistak urte honetan jada lau emakume* hil dituela jakinarazi dute, eta «nahikoa dela» gaineratu: «zoritxarrez, datuek errealitate gordin eta jasanezin bat erakusten digute berriro».

Horren aurrean, ozen aldarrikatu dute ondorengoa: «Hau ez da zoratutako gizon baten ekintza isolatu bat. Erailketa hauek izebergaren punta besterik ez dira. Gaur egungo sistema zisheteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonialak sostengatzen eta elikatzen du emakumeon* aurkako indarkeria. Sistema honek hierarkien bidez funtzionatzen du, eta emakumeak eta gorputz disidenteak egoera ahulagoan, zurgarriagoan eta babesgabeagoan kokatzen gaitu egunerokoan, prekarizazio material eta sozialaren bidez. Indarkeria matxista egiturazkoa da, eta hainbat zapalkuntza ardatzen gurutzatzen dute».

Horren aurrean ezin dela begira geratu salatu dute, «urgentziazko neurri errealak behar ditugu». Erakunde eta instituzioei zein jendarte osoari zuzendu zaizkie, egoeraren larritasuna muturrekoa dela ohartarazteko: «Hitz politak eta protokoloak soberan daude; hitzetatik ekintzetara jauzia emateko garaia da».

Argi dute tresna Autodefentsa Feminista dela, eta horregatik, «kaleak hartzera, antolatzera, deitzen dugu jendartea. Nazkatuta gaude!».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!