Tolosaldeko ospitale publikoa

Tolosaldeko alkateen mugimenduak bilera egingo du ospitale berriaren plan funtzionala aztertzeko

Ataria 2026ko maiatzaren 20a

Tolosako Asuncion klinika.

Esan dute planak ez dituela Tolosaldeko osasun beharrak asetzen, eta nabarmendu dute, ospitale berrirako aurreikusitako zerbitzuak aztertuta, «areagotu» egin direla «Asuncion klinika publiko egitea aztertzeko arrazoiak».

Tolosaldeko alkateen mugimenduak adierazi duenez, «berriki» jaso du Osakidetzak osatutako plan funtzionala, balizko Tolosako ospitale publikoari dagokiona. «Ia bi urtez zain egon ostean, lehen irakurraldian nabarmen antzematen da ez dituela, tamalez, Tolosaldeko osasun beharrak asetzen, ez duela beste eskualdeek duten osasun arretaren parekorik bermatzen», esan dute alkateek.

Mugimenduko kideek nabarmendu dute, zerbitzuei eta azpiegiturei dagokienez, eskualdeak gaur egun duen zerbitzu-zorroa «murrizten» duela Osakidetzaren proposamenak. «Ezinbestekoa da eskualdeko herritarrek merezi duten arreta integral, gertukoa eta euskalduna bermatzea. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak mahai gainean jarritako Plan Funtzionala aintzat hartuta, ospitale berria bere horretan eraikitzea beharrezkoa ote den edo Asuncion klinika publiko egin eta Osakidetzak kudeaketa bere gain hartzeari buruzko azterketa sakonagoa egiteko aukera mahai gainera eraman nahi dugu».

Alkateek gogoratu dute aukera hori mahai gainean jarri izan dutela azken urteotan. «Gipuzkoako gainerako eskualdeen pareko arreta eta zerbitzuak izan behar ditu gure eskualdeak. Eta, beste behin, urte hauetan guztietan egindako eskaeretan berresten gara».

Hori dela eta, alkateen mugimenduak Plan Funtzionala sakon aztertzeko bilera egingo du bihar, ostirala. «Ateratako ondorioekin, azalpen gehiago emango ditugu datozen asteetan, baita hemendik aurrera eman beharreko pausuen berri ere», esan dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!