Judo Klub Tolosakoak bigarren eta laugarren Europako Txapelketan

Ataria 2026ko maiatzaren 19a

Saralegi eta Regillaga bikoak zilarra lortu du, eta Regillaga eta Etxarri bikoa podiumera igotzetik oso gertu geratu da.

Judo Klub Tolosako Nage No Kata modalitateko senior mailako bi bikoteak maila oso altuan aritu dira Europako Txapelketan. Unai Saralegi eta Unai Regillaga bikoak zilarrezko domina lortu du, eta Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri bikoak laugarren postua. Sarajevon jokatu zen larunbatean txapelketa.

Oraingoan 31 bikote izan ziren lehian, eta hiru multzotan banatu ziren; bakoitzetik lehenengo hirurek finalerako txartela eskuratu zuten. Mundu mailako sailkapenaren arabera, Saralegi eta Regillaga hirugarren heltzen ziren txapelketara, eta Regillaga eta Etxarri laugarren. Horrek esan nahi zuen sailkapen fasean multzo berean tokatuko zitzaiela. Multzo berean izan arren, nahiko garbi ikusten zen biek lortuko zutela finalerako pasea. Hala izan zen, multzoko lehenengo eta bigarren bezala pasatuz, hirugarren postuari nahiko diferentzia aterata.

Finala beste istorio bat zen. Bertan baitziren Collini eta Rondinini italiar bikoa, Schmidt anai alemaniarrak eta Extremadurako bikotea, besteak beste. Judo Klub Tolosako bi bikoteak lan oso txukuna eginda, pauso txiki batera izan ziren podiumera igotzeko. Azkenean italiarrak izan ziren irabazleak 395 punturekin, Saralegi eta Regillaga bigarren 393,5 punturekin, hirugarren alemaniarrak 391,5 punturekin eta laugarren Regillaga eta Etxarri 388 punturekin. «Dagoeneko normalizatu dugun arren, ez da inolaz ere normala klub bereko bi bikote kategori berdinean dominen borrokan izatea», azaldu dute.

Saralegi eta Regillaga bikoarentzat bereziki pozgarria izan da domina hori. 2025 ez oso on baten ondoren, azken hilabeteetan izandako lesioak alde batera utzita, beren izena berriro maila altuenean jarri nahi zuten eta, eta horrelaxe egin dute. Regillagak eta Etxarrik bere bidea egiten jarraitzen dute, kategoriako gazteenetakoak izanik jadanik dominen lehian dabiltza, eta oraina zein etorkizun itzela daukate aurretik.

Hurrengo helburuak irailean izango dituzte: Madrilgo Europako Kopa eta Sarajevon bertan izango den Munduko Txapelketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!