Foruzainen arabera, gizon bat Guardia Zibilaren Valtierrako kuartelera joan zen atzo, eta esan zuen emaztea hil zuela, eta haren hilotza etxean zegoela. Ikerketa bat abiatu dute foruzainek eta Guardia Zibilak, zer gertatu den argitzeko. Euskal Herriko aurtengo bosgarren indarkeria matxista kasua da. Zabaldu diren lehen datuen arabera, asteburuan izan zen hilketa, Arguedasko Postigo kalean. Guardia zibilek atxilotu egin dute gizonezkoa, andrea hiltzea leporatuta.
Azken erailketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte gaur, asteartea, Tolosan eta Anoetan. Tolosan Itaiak deituta egingo dute; 19:00etan Trianguloan. Anoetan ordu berean bilduko dira plazan mugimendu feministak deituta.
Bihar, mugimendu feministak deituta ondorengo elkarretaratzeak izango dira eskualdean:
- 18:45. Amasa-Villabona eta Zizurkil arteko oinezkoen zubian.
- 19:00. Berastegiko plazan.
- 19:00. Asteasuko plazan.
- 19:00. Tolosako Trianguloan.
Tolosako Udalak erabat gaitzetsi du erailketa matxista. «Tragedia horrek argi eta garbi adierazten du ez dela ekintza isolatu bat, egiturazko arazo bat baizik, heriotzek emakumeen aurkako indarkeriaren arazoaren zati bat baino ez dutela erakusten, eta gure gizartean emakumeen eta gizonen artean dagoen desberdintasunean dagoela jatorria. Indarkeria, bere forma guztietan, emakumeen aurka egiten da, eta haien duintasun eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako eraso larria da; ondorioz, giza eskubideen urraketa larria eta onartezina da». Gaineratu du sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar duela, batez ere etorkizuna ordezkatzen dutenekin, gure herritar gazteenekin. Horiek horrela, Tolosako Asanblada Feministak Trianguloa plazan deitutako gaitzespen-mobilizazioan parte hartzera animatu ditu herritarrak.
«Halaber, Tolosako Udalak, herriko mugimendu feministarekin eta eragile sozialekin elkarlanean jarraituko du indarkeria matxista desagerrarazteko borrokan, indarkeria matxistarik gabeko herri baterantz urratsak emanez. Horregatik, Udalak gogorarazi nahi du edozein motatako indarkeria matxista pairatzen duten emakumeek udalaren babes osoa dutela, eta, besteak beste, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean dituzten baliabide zein zerbitzuak eskainiko dizkiela».
