Tolosaldea Garatzen agentziak gidatuta, azken urteetan Tolosaldeko ikastetxeetako jangeletan elikagaien xahuketa zenbatu eta aztertu dute, eta baita praktika onak eta lan protokolo berriak ezartzeko ariketa egin ere. Lanketa horri esker, 2021. urtean 36,7 tona xahutzetik 2023an 32,9 tona xahutzera pasa dira eskualdeko ikastetxeak. Testuingurua eta ikastetxe bakoitzeko baldintzak aldakorrak direla esan du garapen agentziak, eta azpimarragarriena dela kopuruak oso altuak direla. Gainera 1/2025 Elikadura Xahuketaren aurkako legeak elikagai bilketa eta banaketa prozesuak exijitzen ditu. Hori dela eta, Elika Heziz Tolosaldean proiektuaren bitartez eskualdean elikagai horiek berzirkularizatzeko protokoloa diseinatzen eta balidatzen ari dira.
Berzirkularitzako soberakin organiko nahikoa duten ikastetxeek hartuko dute parte: Tolosako Herrikide, Samaniego eta Laskorain ikastetxeak, Zizurkilgo Pedro Mari Otaño, eta Villabonako Zubimusu eta Fleming ikastetxeak. Soberakin horiek Zutani eta Elkartasun Sarea elikagai bankua kudeatzen duten bi elkarteek banatuko dituzte zaurgarritasun egoeran daude bi udalerri horietan.
Bost ikastetxe horietako soberakin organikoak urtean 22,9 tona dira, eta elikadura sarea martxan jarriz gero, egunean 150 plater berreskuratu daitezkeela aurreikusi dute. Soberakin organikoak berzirkularizatzen aditua den Oreka Circular Economy enpresaren aholkularitza teknikoa jasotzen ari dira, eta Elika Fundazioak babesten du. Elikadura sarea martxan jartzeko Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jasoko du Tolosaldea Garatzenek.