Tolosan argituko da herriarteko txapelketaren finaleko lehia

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko maiatzaren 13a

Txingudi A taldeko kideak eta Irungo bertsozaleak Hernanin, final-laurdenetako saioaren ondoren; Luzuriaga, behean, ezkerrean. Argazkia: Irunabar.

Larunbatean jokatuko dute finalaurrekoa Bonberenean Zumarraga-Urretxu eta Txingudi A taldeek; Jon Luzuriaga ikaztegietarra dago Bidasoako taldean.

Larunbatean ezagutuko dugu Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako finalerako txartela lortuko duen bigarren taldea, 17:00etan Bonberenean jokatuko den finalaurrekoan. Irungo Txingudi A eta Goierriko Zumarraga-Urretxu taldeak ariko dira kantuan.

Jon Luzuriaga ikaztegietarra Bidasoako taldeko kidea da. 2021ean Hendaiara bizitzera joan, eta orduan hasi zen Irungo Irunabar bertso eskolan. Txikitatik gustuko ditu bertsoak, nahiz eta ez izan zale sutsua. «Etxean ama da bertsozalea». Hendaiara joandakoan pentsatu zuen bertso eskola izan zitekeela «lagun berriak egin eta gustura aritzeko espazioa». Nabarmendu du «jende jatorra» topatu zuela, eta «besoak zabalik» hartu zutela. «Oso gustura joaten naiz».

2024an Gipuzkoako Txapelketako sailkapen fasean kantatu zuen Luzuriagak. «Nire lehen txapelketa izan zen, eta oroitzapen polita dut». Aurten, herriartekorako, Irunen bi talde sortzeko aukera zutela ikusita, animatu egin zen. «Hiru helburu genituen: Irunen eta inguruan bertso saioak antolatzea, bertso eskolako kideak konektatzea, jendaurrean plazan apenas kantatzen dugulako, eta inguruan bertsotarako zaletasuna areagotzea», azaldu du ikaztegietarrak.

Lehen fasean, Donostialdea, Oarsoaldea eta Bidasoa eskualdeetako taldeak elkarren aurka aritu ziren, ligaxka formatuan, multzotan banatuta, eta eskualdeko finala irabazi zuen Txingudi A taldeak. Ondorioz, Hernaniko final-laurdenetako kanporaketara sailkatu zen. Hura ere irabazi, eta finalerdietara sailkatu zen. «Saio onak egin ditugu, baina ez genuen espero Hernaniko saioa irabazi eta finalaurrekora iristea. Sorpresa handia izan da, eta oso gustura gaude; opari bat izaten ari da txapelketa. Orain, saio txukun bat egin eta finalerako txartela lortzen saiatuko gara», esan du Luzuriagak. Pena bakarra du: alegiarrekin batera saio berean ez aritzea, «ezagunak» dituelako. Manex Mantxolak, Mikel Iturriotzek eta Antton Fernandezek osatzen dute Goierriko taldea. «Alegiarren aurkako saioa entzun dut, eta iruditzen zait bertsotan txukun egiten dutela».

Bidasoako taldea ere hiru gizonek osatzen dute; Igauri Lopetegi eta Manu Goiogana dira beste biak. Goiogana da beteranoena, eta Gipuzkoako Txapelketan parte hartu izan du; gazteena, berriz, Lopetegi da, baina umeetatik hasi zen bertsotan, eta eskolarteko txapelketan kantatu izan du. Ostegunero elkartzen dira Irunabar bertso eskolako kideak; saioren bat izaten duten asteetan beste egun batean ere elkartzen dira, ariketak banatu, landu eta agurra prestatzeko. «Txapelketan aurrera egin ahala, egun gehiagotan elkartu gara, saioak behar bezala prestatzeko», esan du Luzuriagak.

Leintz, finalean

Joan den larunbatean jokatu zen Oñatin lehen finalaurrekoa. Haizea Arana, Oihana Arana eta Ane Zuazubiskarrek osatutako Leintz taldeak lortu zuen finalerako txartela, Azpeitiko Zaharrak Berri taldeari irabazita. Hilaren 30ean izango da finala Aian. Tolosako saiorako eta finalerako sarrerak eskuragarri daude bertsosarrerak.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!