ELKARRIZKETA

«Horma-irudi batek espazioa harmonizatzen du»

Imanol Garcia Landa 2026ko maiatzaren 15a

Arkaitz Uranga Altzon margotu duen horma-irudiaren aurrean. I.G.L.

Betidanik gustatu izan zaio Arkaitz Urangari margotzea. Bere berezitasuna horma-irudiak margotzea da, eta hor azaltzen da benetako artista.

Arkaitz Urangak (Ibarra, 1978) 20 urte inguru daramatza Altzon bizitzen. Orain gutxi berak egindako bi horma-irudi inauguratu dituzte: bat Hernialden, eta bestea Altzon bertan. Azkena Eider Epelderekin batera osatu du.

Altzotarra zarela esan daiteke?

Arkaitz Uranga Eider Epelderekin batera Altzon lanean. GORKA GARMENDIA

Ba... ni bizi izan naiz Tolosan, Ibarran, Irunen, Ikaztegietan, eta orain Altzon. Tarteka Leitzan, eta urte luzez furgonetan. Egia esan, ez dut inongo identitaterik. Jende askok Ibarratik ezagutzen nau. Ez zait behin ere gustatu herri batekotzat identifikatzea. Ez naiz horrela sentitzen; ez naiz inongo herritakoa sentitzen.

Nola sartu zinen horma-irudiak egiteko munduan?

Nik delineazioa ikasi nuen, eta delineatzaile lanetan aritu nintzen enpresa batean bi urtez, baina ez nuen sentitzen nire lekua zenik enpresa batean lan egitea. Gero langabezian bi edo hiru urtez egon nintzen, pentsatzen zer egin nahi nuen nire bizitzarekin. Margotzea betidanik gustatu izan zait; delineatzea, azken finean, margotzea da. Nire denbora librean gehiago margotzen hasi nintzen, autodidakta. Gero Eider Epelde ezagutu nuen, eta berak garai hartan horma-irudiak egiten zituen. Berak esku oso ona zuen koloreak nahasten, eta hori erakutsi zidan. Horma-irudiena uzten joan zen, beste gauza batzuetara dedikatzeko, eta ni hasi nintzen berak alde batera uzten zituen lanak hartzen. Nire lehen lan profesionala Aralar Kirolak dendakoa izan zen 2000. urtean. Bere outlet dendan margotu nuen nire lehen horma-irudia, hainbat kirol irudikatuz.

Eta bide horretatik jo zenuen.

Sentitu nuen hori zela egin nahi nuena, eta langabezian nengoela atera zen ikastaro bat INEMen trampantojo edo begi amarru teknikari buruz. Sekulako zortea izan nuen: ikastaro hartan pintura orokorra erakusten zuten, eta beste adar bat zegoen, begi amarruarena. Irakaslea Victor Goikoetxea zen, ezagutzen dudan onena teknika horretan. Begi amarrua asko sartzen dut nire lanetan: perspektiba bidez bista engainatzea da; ikuspuntu batetik begiratuz gero horma-irudia era batera ikusten da, eta ikuspuntua aldatuz gero, irudia ere aldatu egiten da.

Ordutik hasi nintzen pintore lanetan etxeetan. Hori uztartzen nuen pintura artistikoarekin, horma-irudiekin. Orduan ez zegoen gaur egun dagoen merkatua. Orduan horma-irudi asko politikoak ziren, eta gaur egun asko aldatu da guztia. Ez zegoen joerarik herri eta udalen aldetik horma-irudiak enkargatzeko. Oso gutxik margotzen zituzten, eta gaur egun ere gutxi dira halakoak egiten dituztenak. Hasi nintzen horma-irudiak etxe barruetan egiten. Urteak pasatu dira, tarteka etxe barruan egiten nituen batzuk, gero tailerrean nire gauzak margotzen nituen, eta gutxi gorabehera orain dela sei bat urte horma-irudien gaiak gora egin zuen. Orduan pixka bat gehiago mugitzen hasi nintzen. Etxe barruak margotzen ditut, baina nik nahi dudana da horma-irudiak margotzea, bai etxe barruan, bai fatxadatan edo hormetan; alde artistikoa gehiago lantzea. Hibridatzeak ere egiten ditut: fatxadak margotzerakoan begi amarru teknikaren gauzak sartzen ditut. Nire ideia da pintura soilaren eta horma-irudien nahasketa bat egitea; iruditzen zait badela modu berri bat herrietako kanpo hormak-eta apaintzeko.

Zer eragiten du horma-irudi batek?

Espazioa aldatu egiten da. Beste sentsazio bat sortarazten dizu margolan batek: espazioa harmonizatzen du. Horrek betetzen nau: ez da bakarrik margolan bat egitea, baizik eta gero ikustea nola sentimendu berri bat sortzen duen jendearengan espazio horretara sartzerakoan. Horrek asko motibatzen nau, eskaini dezakedalako jendearen barruan txinparta bat piztea, eta dena harmonikoagoa izatea.

Gaur egun pintore lanetan aritzen zara, beraz.

Bai, jarraitzen dut horretan, baina horma-irudiena edo pintura artistikoarena gehiagora doa, eta hori gehiagora doan heinean bestea gutxiagotzen doa. Nik nahiago dut artistikoa, eta esandakoa, hibridatze batera noa. Agian iritsiko da une bat artistikora soilik dedikatuko naizena. Pintura orokorretik pasatu naiz pintura orokorra eta horma-irudietara, eta orain pasatu naiz modu hibrido horretara. Gero agian pintura artistikoak jango du dena, baina ezin jakin.

Aipatu duzun harmonizazio hori nola lortzen duzu?

Kanpoan egiten diren horma-irudien eta etxe barruan egiten diren irudien prozesua bera da. Bezeroarekin hitz egin, eta hizketaldi horretan gauzak ateratzen dira. Berak gogo bat du, eta nik gogo horri heltzen diot, eta espazioa ikusiz hausnartzen joaten naiz eta ideia etortzen dira. Gero bozetoa egiteko lana izaten da. Bozetoa gustukoa dudanean, bezeroarengana joaten naiz, erakusten diot, eta gustukoa badu, aurrera egiten dugu.

Beraz, paperean ere margotu behar izaten duzu?

Paperean margotzen dut, baita plastilinarekin eskulturak egin ikusteko nola joango diren formak eta itzalak; kartoiarekin ere egiten ditut gauzak, zerbait figuratiboa denean jakiteko itzala nondik doan. Itzala asmatzea ez da erraza; forma asmatu dezakezu, baina itzala beste gauza bat da. Gero tabletan marrazteko programa bat dut, eta horrek pila bat aurreratzen dizu prozesua. Azkenean oso erreala geratzen da bukaera, eta mila proba egiteko aukera duzu.

 

«Prozesu sortzailea gogorra da: oso zerebrala da, oso garunekoa»

Pintura artistikoa egiteko zer behar da?

Lehenik eta behin, pasioa behar da. Ez baduzu pasiorik, egunen batean utzi egingo duzu. Prozesu sortzailea gogorra da: oso zerebrala da, oso garunekoa. Garuna oso azkar doa, eta sartzen zara prozesu batean obsesiboa bilakatu daitekeena. Neurria hartu behar zaio. Adibidez, Altzon egin dugun horma-irudia gauzatzeko sormen prozesua oso gogorra izan da. Egun guztian aritu zaitezke horri buruz pentsatzen. Ni askotan mendira joaten naiz, eta ideia asko aurkitzen ditut han, eta lasaitu egiten naiz, eta prozesu bera ere lasaiagoa da, harmonikoagoa. Gero ideia duzunean, pasatu behar duzu paperera edo tabletan zirriborro digitala egin. Hor ere gauzak azaltzen dira. Hor jarraitzen du prozesu neketsu horrek. Gero hori gauzatu egin behar da, eta horretarako ezagutza batzuk behar dira: materialak, hormaren egungo egoera, tratamenduak... Orduan, pasiorik ez baduzu, uneren batean utzi egingo duzu. Exijentzia handia da, baina pasioa dudanez, beti jarraitu nahi izaten dut margotzen.

Artistatzat duzu zeure burua?

Gaur egun bai, lehen kostatu egiten zitzaidan hori esatea. Lan hau bizitza osoko prozesua dela uste dut. Ikusten duzu nola eboluzionatzen duen denak. Adibidez, Altzon egindako Iñaki Epelderen aitortzaren horma-irudian, bere munduan, estiloan eta pinturan sartzen zara. Eta ikusten duzu Iñakik lortu zuela bere barruan zegoen mundua kanporatzea, eta hori ez da batere erraza. Niri gustatuko litzaidake barruan dudan mundu hori kanporatzea; gaur egun uste dut horren zertzeladak ditudala, baina badakit ahal dudala oraindik eta gehiago atera. Horrek prozesu bat dauka, eta bizi osoa iraun dezake. Artea arimaren hizkuntza da, azken finean.

Altzoko ostatuaren horman egin duzuen margolana nola gauzatu zen?

Askotan egoten gara terrazan, eta beti begiratzen nion horma horri, eta hor margolan bat ondo geratuko litzatekeela pentsatzen nuen. Iritsi zen garaia hormak pintura behar zuela, eta Eider eta biok jarri ginen harremanetan udalarekin, eta proposatu genion zerbait egitea. Udalaren aldetik hasieratik jarrera oso ona izan da, eta baiezkoa eman ziguten. Eskatu ziguten pare bat edo hiru bozeto aurkeztea, eta hitz egingo genuela. Lanak egiterakoan Eiderrek laguntzen dit prozesuan, eta normalean nik bozeto bat egiten dut eta berak beste bat. Estilo ezberdinak ditugunez, oso eskaintza ona da bezeroarentzat, beti argi izango duelako bietatik zein gustatzen zaion. Ostatuko hormarako Eiderrek egin zuen bozeto bat, antzinako argazki baten inguruan. Niri behin, hormaren ondotik pasatzen ari nintzela, etorri zitzaidan burura Iñaki Epelderen zerbait egin behar genuela. Konpromiso handia zen, artista ezaguna delako, eta hemen inguruko nire artista gustukoena da. Baina animatu egin ginen, eta Eiderrek berak egin zuen bozetoa, bere estiloarekin lotura gehiago duelako. Bi bozetoekin joan ginen udaletxera, eta oso garbi egon zen Iñaki Epelderen omenaldi moduko hori egingo zela. Bere seme-alabei baimena eskatu genien, eta hasieratik alde agertu ziren. Gure asmoa izan da aitortza edo omenaldi bat egitea, baina ezin genuen bere koadro bat irudikatu, errespetu falta bat izango litzateke eta. Orduan, Eiderrek egin duena da Iñakiren margolanen elementuak hartu eta horrekin muntaia berri bat egin.

Horma-irudiaz gain, ostatuaren barruan ere Iñaki Epeldek bere presentzia du.

Bai, pentsatu genuen bere margolanen erakusketa bat jartzea. Txandakakoa da, denbora eperik gabe, eta aukera izatea ere margolanen bat erosi ahal izateko. Horrela, berak bere artea barrutik ateratzen zuen bezala, ostatuaren barruan zein kanpoan berari aitortza egin diogu.

 

«Etxabe horretan asko margotzen zuen Epeldek, eta Altzo oso maitea omen zuen»

Iñaki Epeldek lotura zuen Altzorekin?

Bai, izan zuen. Tolosarra zen, baina Altzora askotan etortzen zen. Gu orain bizi garen etxea etxabe bat da, eta aurretik Iñaki Epelderena zen, Eiderrek berari erosi zion. Etxabe horretan asko margotzen zuen, eta Altzo oso maitea omen zuen. Udalean hori bazekiten, eta uste dut azkenean prozesu borobila izan dela.

Hernialden ere inauguratu berri dute zuk egindako beste horma-irudi bat.

Udalak deitu zidan, eta bozeto bat egin nuen, oso garbi ikusi nuelako irudia. Bi gai jarri zizkidaten, batetik Kutsidazu bidea, Ixabel, eta bestetik astoa, hernialdetarren ezizena. Bi ideia horiekin gainerako guztia sortu nuen, eta begi amarru teknika asko erabili dut.

Hernialdeko horma-irudia aurreko igandean inauguratu zuten. A.U.

Eskualdeko beste zer lekutan daude zure horma-irudiak?

Asteasun dago bat, herriko gazteek eskatuta, auzolanaren inguruan. Berrobin herriko sarreran dago beste bat, udalak eskatuta, euskararen inguruan. Beste batzuk txikiagoak, adibidez, Anoetako Bikenea bizikleta dendan dagoena. Horrez gain, tailerrean egiten ditut margolanak, eta gero horiek kolokatzen ditut etxebizitza barruetako hormetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!