Gehigarria: Ongizatea

Erleen airea, osasun arnasa

Ataria 2026ko maiatzaren 18a

Ezkerrean erlautnzako airea arnasteko etxola; eskuinean, erleen sauna.

Osasuntsu egon nahi duenak ezinbestean zaintzen du zer jaten eta edaten duen, beraz, zergatik ez egin gauza bera arnasten duenarekin? Erlauntzako aireak denetariko onurak ditu askotariko gaitzen aurrean. Ohiko botikekin eta tratamenduekin aurrerapenik edo eraginik nabaritzen ez duenak, alternatiba natural bat probatzeko aukera du.

Udaberri eta uda hasiera garaian ohikoa izaten da arnasbideetako arazoak areagotzea: alergiak, asma, katarroak... Eta horiek bezain ohikoak eta errepikakorrak izaten dira botikak eta erremedioak ere. Horiekin gustura ez daudenentzat, ordea, bada beste aukera bat Tolosaldean, hain zuzen, erle airea. Jakina denez, jaten eta edaten dugunak eragina du gure osasunean, eta ez al da hori bezain garrantzitsua zer arnasten dugun? Ez da inongo sekretua mendian zein basoan arnasten dugun aireak onurak dituela osasunarentzat, batez ere, kaleko airearen aldean. Bada, airearen osagai osasuntsu horiek biderkatu egiten dira erlauntza bateko airean, eta kalean arnas genezakeen airea baino hamar aldiz kalitate hobea izatera ere irits daiteke bertakoa. 

Janariak eta edariak modu jarraikor batean zaintzen dira, beraz, zergatik ez egin gauza bera airearekin? Elikadura ohituren arabera aldatzen da gure osasuna, bada, aireak ere eragiten du horretan. Elikagai bezala ikusi behar da eta, horretan, kalitate handienekoa da erlauntzako airea.

Zer da erlauntzako airea?

Alegiatik Orendainera bidean dauden instalazioetan bi zerbitzu eskaintzen dituzte. Etxoletako batean bost kutxa daude, eta horietako bakoitzak erlauntza bat du barruan. Erabiltzaile bakoitzak erauzgailu bat izango du maskara txiki batekin, horrela, erlauntzako airea arnas dezan; ordu erdi inguruko saioak egiten dira bertan. Beste etxolan, berriz, erleen sauna probatu daiteke: egurrezko bi ohe jarri dituzte eta bakoitzak hiruna erlauntza ditu azpian, sare xehe batekin estalita. Erleek 35 graduko tenperatura izaten dute, eta atmosfera berezia sortzen da bertan; ordubeteko saioak izaten dira.

Bistan da zuzenagoa litzatekeela lehena, erlauntzako airea zuzenean arnasten duelako erabiltzaileak. Bigarrena, berriz, leunagoa litzateke, geldoagoa. Dena dela, bietan lortzen da giro patxadatsu, leun eta epel bat, zeina, era berean, onuragarria den erlaxatzeko eta estresa lantzeko. 

Erlauntzako airea arnasteko etxolaren barrualdea.

Arduradunek azaldu dute hamar saio inguru behar izaten direla eragina nabaritzeko, baina soilik erreferentzia moduan erabiltzen dute kopuru hori. Hain zuzen, bonu bereziak ere eskaintzen dituzte, hamar saioak egitea ekonomikoagoa izan dadin. Kontatu dute pertsona batetik bestera aldatu egiten dela onura nabaritzeko saio kopurua: «Batek nahikoa izango du bost saiorekin; eta, beste batek, ez du aldaketarik nabarituko hamabost saiotan ere». Dena dela, egokiena probatzea eta eragina norberak neurtzea dela nabarmendu dute.

Onuragarria osasunarentzat

Arnasbideetan arazoak dituzten pertsonak dira erabiltzaile gehienak, baina badituzte parkinsona eta bestelako arazoak dituzten erabiltzaileak ere. Hain zuzen, tratamendua probatu ondoren, bizi kalitatean onurak nabaritu dituzte erabiltzaileek. Arduradunek kontatu dute eragina ezberdina dela pertsonaren eta gaixotasun motaren arabera: «Bereziki onuragarria da parkinson mota batzuentzat, eta berdin arnasbideetako arazo batzuentzat ere».

Hori horrela, nabarmendu dute arnas bideetarako ez ezik, orokorrean osasunerako dela onuragarria erlauntzako airea: «Pertsona bakoitzaren arabera aldatu egiten da eragina noiz sumatzen duten. Bestalde, tratamenduak jarraikorra izan behar du, utziz gero onurak pixkanaka galdu egiten baitira».

Era berean, ageriko onura horiez gain, sistema immunologikoa indartzeko ere balio duela uste dute arduradunek. «Immunizazioa hobetzen dela ez gara berehalakoan ohartzen; baina indartzen da. Gaixotasun gutxiago izango ditu sistema immunologiko indartsu bat duen pertsona batek, baina zaila da hori neurtzea. Edo, gaixotuta ere, sintomak arinagoak izatea eragingo du».

Alternatiba natural bat

Medikuek proposatzen dituzten ohiko botikekin eta tratamenduekin nekatuta daudenek aukera paregabea dute zerbait ezberdina probatzeko. Onura guzti-guztiak oraindik ezagutzen ez badituzte ere, arduradunek orain arteko esperientzietan oinarrituta ikusi dute hainbat arlotan dituela onurak.

Jatorri eta oinarri erabat naturalak dituzte proposatzen dituzten tratamenduek eta, horregatik, naturaren erritmoen arabera egiten dute lan. Eta zer esan nahi duen horrek? Erleek, naturak bezala, goraldiak eta motelaldiak dituzte: negu garaian natura geldotzen den bezala gelditzen dira erleak ere, eta hilabete horietan ezingo lukete zerbitzurik eskaini. Hori horrela, erabiltzaileek zerbitzua erabiltzeko aukera izango lukete apirilaren amaiera edo maiatzaren hasieratik, urriaren erdialderaino; dena dela, nabarmendu dute aldakorra izaten dela urtearen eta sasoiaren arabera.

Arduradunek egiten dituzten gomendio guztiak esperientzian oinarritzen dituzte, eta ez eurenean bakarrik. Kontatu dutenez, badira antzeko instalazioak Herrialde Katalanetan ere, eta hango arduradunekin harreman iraunkorra eta estua dute. Horrela, gainerako lekuetako esperientziak eta ezagutzak ere saretzen eta jasotzen dituzte. Aitortu dute eskaintza ezagutu berritan jendeak pixka bat mesfidantzaz jokatzen duela, baina behin probatu ondoren gehienek errepikatu egiten dutela, eta, gaitzak edo kasuak edozein direla ere, esperientzia positiboak jasotzen ari dira etenik gabe.

Erlauntzako airea

  • Helbidea: Alegiatik Orendainerako errepidea, 3. kilometroa.
  • Telefono zenbakiak:  618 254 971 /639 187 8

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!