Donostiako Musikene goi-mailako musika zentroko jazz arloko ikasleek ikasturte amaierako kontzertua emango dute Tolosako Leidor aretoan, bihar 20:00etan. Bederatzi piezez osatutako ordu bete inguruko errepertorioa joko dute musikariek.
Iñaki Mujika Dumall (Asteasu, 2002) bateria eta jazz espezialitatea ikasten dabil Musikenen, laugarren mailan, eta biharko emanaldian parte hartuko du. «Bateria jotzaile dezente gara eskolan, eta hirugarren eta laugarren mailan gabiltzanoi ematen digute aukera. Ni iaz behin aritu nintzen Big Bandarekin, eta aurten bitan».
Ikasturteko hiru emanaldi ematen dituzte, eta saioa prestatzeko astebetez egunero-egunero entsegu intentsiboak egiten dituzte; aste lila deitzen diote. «Aldiro aldatzen da errepertorioa, eta aldiro aldatzen gara parte hartzaileak», dio Mujikak.
«Azken saioa izango dut Musikeneko ikasle bezala eta gogotsu nago»
Iñaki Mujika Dumall - Musikene Big Band
Okasio honetarako, Rainer Witzel alemaniarraren lan bat aukeratu dute, eta konpositoreak, gainera, bakarlari bezala parte hartuko du saxofoiarekin Leidorreko emanaldian. Tronpetarekin, berriz, bakarlari ariko da Musikeneko irakasle Chris Kasek. Mujikak aurreratu du, bihar, berrikuntza gisa, bere ikaskide den Maider Bigurik moldatutako Lonely Woman abestiaren moldaketa emango dutela.
Errepertorio «berezia» dela aipatu du asteasuarrak. «Hainbat ukitu ditu. Pieza batzuk arabiar kutsukoak dira, beste batzuk swing tradizionalagora jotzen dute, eta badira modernoak diren kantuak ere, estilo eta erritmo latindarrekoak. Denetarik dago».
Hemezortzi musikarik hartuko dute parte biharko saioan. Bateria jotzaile dezente ari dira Musikenen eta biharko emanaldian hiruk hartuko dute parte. «Elkarren artean banatu ditugu piezak, eta bateria jotzen ari ez denak, congak edo perkusioko bestelako instrumentuak joko ditu», azaldu du Mujikak.
Nazioarteko musikarien zuzendaritzapean
Musikenen 2003 inguruan sortu zuten ensemle akademiko hau jazz ikasketak egiten dituzten ikasleentzat. Goi-mailako ikasleak izaten dira parte hartzaileak, haize-sekziokoak alde batetik, eta erritmo-sekziokoak bestetik –bateria, baxua, kontrabaxua eta pianoa–. Ikasleek benetako Big Band baten esperientzia profesionala bizi dute.
Formatu honetan jotzea eta jazzaren praktika kolektiboa lantzea aukera «polita» dela uste du Mujikak. Are gehiago, nazioarteko erreferente diren musikariekin eta irakasleekin elkarlanean aritzeko aukera ematen baitie.
Sven Heinze alemaniarrak zuzenduko du, adibidez, biharko kontzertua. Figura pedagogiko eta artistiko garrantzitsua da Europan, saxofoi jotzailea, eta Big Band formatuko proiektuetan espezializatuta dago.
Ikasleak maila profesionalera hurbiltzeko praktika erreala da beraz Big Banda eta aukera baliatu nahi du Mujikak. «Musikeneko ikasle bezala nire azkeneko saioa izango da eta gogotsu nago». Aurten amaituko ditu ikasketak, eta ez daki zer nolako ibilbide profesionala izango duen etorkizunean; momentuz, gitarra klaseak ematen ditu Astigarragan eta hainbat taldetan ere aritzen da.
Ikasleek aste osoan prestatu duten hori erakusteko aukera izango dute bihar, Leidorren, 20:00etatik aurrera. «Formatu honetan ez, baina bestela aritu izan naiz areto horretan eta oso aproposa ikusten dut», esan du Mujikak.
Biharko emanaldira ahalik eta jende gehien joatea espero du. «Normalean jende heldua etortzen da, baina baita Musikenen ikasten dabiltzanak ere. Ea biharkoan Leidor leporaino betetzen den».