Abian jarriko da asteburu honetan Herriarteko Pilota Txapelketa. Eskualdeko sei herri aurkeztu dira eskuzko modalitatean eta hiru herri gomazko paletan. Guztiak final-hamaseirenetako kanporaketan ariko dira lehian, eta ez dute elkarren aurka jokatuko.
Eskuz hiru partida jokatzen dira parte hartzaile bakoitzaren etxean: kadete, jubenil eta nagusien mailan. Albiztur berriro itzuli da lehiaketara; azken aldia 2011n izan zuen. Etxean jokatuko dituzte joaneko partidak, bihar, 18:00etatik aurrera Mendikute frontoian. Kadete mailan Oinatz Aldalur, Aratz Arandia, Euken Ezeiza eta Xuban Juantorena daude, jubenil mailan Oihan Arandia eta Beñat Elola, eta nagusien mailan Mikel Etxeberria, Eneko Labaka eta Xabier Telletxea. Astigarragaren aurka dute, eta Gorka Arandia koordinatzaileak azaldu du «kanporaketa zaila» dutela: «Tokatu zitekeen zailena beharbada, baina saiatuko gara ahal den ondoen jokatzen».
Zizurkil ere berriro itzuli da, azken aldia 2018an izan ondoren. Kadete mailan Intza Arruti, Beñat Ibarbia, Lizar Iruretagoiena eta Ekai Aizpurua daude, jubeniletan Xuhar Ezkioga eta Xabi Lakarra, eta seniorretan Julen Alberdi, Ander Perurena, Jon Erasun eta Iñaki Lizaso. Bihar jokatuko dute joaneko jardunaldia, 17:30ean, herriko Intxaur pilotalekuan. Aiaren aurka dute norgehiagoka, eta Julen Alberdi koordinatzaileak azaldu duenez, «kanporaketa borrokatua izango dela dirudi. Kadeteetan zaila izango dugu irabaztea, eta beste bi mailetan partida borrokatuak izango dira».
Aduna Oñatiren aurka ariko da, eta joaneko partidak etxean jokatuko dituzte, larunbatean, 18:30ean. Kadete mailan Hodei Barriola eta Xuhar Iparragirre daude, jubeniletan Aiert Aburuza eta Peru Cestau, eta nagusietan Iker Aburuza, Andoni Olasagasti, Joanes Cestau eta Inhar Iparragirre. Migel Angel Cestau koordinatzaileak esan duenez, irabazteko aukerak badituzte.
Alegiak Aretxabaletaren aurka jokatuko du, eta joaneko jardunaldia aurkarien etxean izango da, larunbatean 10:30ean. Izena emanda dauden pilotariak honakoak dira: Egoi Garaikoetxea, Haritz Leo, Amets Azpilikueta, Ugaitz Mendia, Xuban Altuna, Josu Collado, Aratz Irazustabarrena, Julen Oiarbide eta Iker Arandia. Jose Luis Zabala koordinatzaileak uste du «hiru partidetatik bi irabazteko moduan» izango direla.
Amasa-Villabonaren aurkaria Donostia izango da, eta joaneko jardunaldia hiriburuko Atano III.a pilotalekuan jokatuko da, larunbatean, 11:00etan hasita. Kadete mailan ariko dira Imanol Zufiria, Beñat Larrarte eta Oinatz Elosegi, jubeniletan Unai Zufiria eta Eñaut Oñate, eta nagusien mailan Aitor Larrarte, Eñaut Aranburu eta Aimar Iraola. Beñat Karrera eta Iñaki Lizaso dira koordinatzaileak, eta Lizasok azaldu duenez, «nagusien mailako partida oso zaila badaukagu ere, kadeteen eta jubenilen partidak aurrera ateratzeko aukerak ditugula uste dut».
Amezketaren aurkaria Lazkao izango da, eta bihar dituzte joaneko partidak, 18:00etan hasita herriko Larrunarri pilotalekuan. Kadete mailarako Itzel Saralegi, Oihan Gorostidi, Xabat Artola, Eiar Lertxundi eta Maria Balerdi daude izena emanda, jubeniletan Oihan Fresneda eta Ametz Gorostidi, eta nagusien mailarako Beñat Gorostidi, Eneko Gorostidi eta Ugaitz Mujika. Beñat Beloki koordinatzaileak azaldu duenez, «kadeteetan partidu orekatua espero dugu eta nagusietan faborito izango gara. Gakoa jubenilen partidan egongo da: esperantza dugu jubenilek maila emango dutela eta partida irabazteko gai izango direla».
Aurrera egiteko asmoz
Gomazko paletan ere hiru partida jokatzen dira jardunaldiko: banaka 7ko koadroaren barruan, banaka kantxa osoan eta binaka. Alegiak lehen aldiz hartuko du parte. Eibarren aurka du kanporaketa, eta Eibarko Astelena pilotalekuan jokatuko dute gaur 22:15ean hasita joaneko jardunaldia. Alex Sanchez, Unai Altuna, Haritz Zabala eta Gorka Altuna dira pilotariak. Jose Luis Zabala koordinatzaileak esan duenez, aurkariak ez dituzte ezagutzen, baina kanporaketa gainditzeko aukerak izango dituztela uste dute.
Anoetaren aurkaria Errenteria izango da, eta joaneko jardunaldia aurkarien etxean jokatuko dute, larunbatean, 09:30ean hasita. Alain Luisa, Imanol Iraola, Iraitz Leunda eta Aratz Luisa dira pilotariak. «Gure aukerak ondo jokatzen baditugu pasatzeko aukerak ditugula iruditzen zaigu», esan du Aratz Luisak.
Tolosak Zumarragaren aurka jokatuko du kanporaketa, eta joaneko jardunaldia aurkarien etxean jokatuko dute, gaur, 21:00etan hasita. Jon Aldazabal, Odei Arregi, Julen Izagirre, Karim Laamirni, Unai Etxeberria, Gexan Mendizabal eta Iñaki Arriola dira pilotariak. «Aukerak ditugu aurrera egiteko, baina beraiek ere talde polita daukate», esan du Arriolak.