Irunen jaio bazen ere, hamarkadak daramatza Berastegin Mariano Arsuaga margolariak, eta bere ibilbidean ondutako margolanen erakusketa prestatu Tolosako Aranburu Jauregian: Hari ezkutuak. Guztira, 80 bat koadro jarri ditu jendaurrean, eta urtez urte sortutako lanen laginak osatzen dituzte. Lehen margolanetatik hasi eta berrienetara, «pisu pixka bat gehiago» obra garaikideenetan jarri duela aurreratu du margolariak, eta «oso pozik» geratu dela ekarri dituen lanekin.
Erakusketaren egiturak berak laguntzen du ibilbidearen narrazio hori ulertzen, eta artistak gelaz gelako pasaeran kontatu ditu bere ibilbidearen nondik norakoak. Lehen aretoetan «flashback» moduko bat osatzea izan du helburu, eta lehenengo gelan Lunar caustic lanaren lagin bat jarri du ikusgai: «Hau da espresionismo eragin handiena duena, eta nabaritu daiteke zauri batetik eratorritakoa dela ia». Izenburuaren inguruan, berriz, azaldu du Malcolm Lowry idazlearen testuetan duela abiapuntua: «Hark esaten zuen ilargi kaustikoa zauri batean botaz gero sendatu egiten duela, baina orbana uzten duela». Gela horretan topatuko ditu bisitariak Arsuagaren lanik zaharrenak.
Itzalean argi
Ilargi kaustikotik ilunpera igarotzen da erakusketa, areto batetik bestera. Hurrengo geldialdian Aztarnak iluntasunean [jatorrizko Huellas en la oscuridad] lanaren irudikapen bat prestatu du Arsuagak: Torrelavegako (Kantabria) Jesusen Bihotzaren elizarako beirateak diseinatzea eskatu zioten, eta bere ibilbidearen aztarnatzat ditu sortutako diseinuak. «Artisau paper beltzen gainean egin nituen probak eta marrazkiak, eta iluntasunetik zein ezjakintasunetik argirantz doan ibilera zalantzagarria erregistratzen dute».
Aipatu bezala, beirateak diseinatzeko paper beltzaren gainean ikertu zuen Arsuagak eta «iluntasunean leihoak zabaldu» zituen koloreekin. «Lan egitearen ondorioz aztarnak uzten dituzu, eta bide horien bidez iristen zara egia erlatiboetara». Esan gabe doa beirateak ezin izan dituela jarri erakusketan ikusgai; bai, ordea, sortzeko prozesuan erabili zituen euskarri beltzak.
Artistak kontatu du margolanak edo haien multzoak «a posteriori» izendatzen dituela: «Ez ditut inoiz aurretik zehazten. Lan egin ahala hausnartzen dut obraren inguruan, eta horrela pentsatzen ditut izenak». Beirateetatik Labirintoak [Laberintos] obra ikusgai dagoen gelara egingo du ikusleak segidan.
«Labirintoak erabakiak hartzea exijitzen du: bide bat edo beste bat jarraitu. Irakurri nuen nonbait labirintoa zalantza egiten dutenen aberria dela; eta hori horrela bada, bertako biztanle naiz ni [barrez]», horrela aitortu du Arsuagak «beti» izaten dituela zalantzak. Teknikari dagokionez, obra horretan arrabolak erabili eta «ibilbideak» irudikatu ditu: «Beti egiten ditut pieza handi batzuk, eta baita txikiago batzuk ere. Batasun bat mantentze dute lanek, eta horregatik osatu dut aretoa».
Labirintoak eta ezkutuko ateak
Hurrengo obrarako ibilbidea «trantsizio natural» gisa sentituko du bisitariak ere. Ate sekretuak [Puertas secretas] da hurrena, eta sakontasunaren zein beste baliabide batzuen bidez ate moduko batzuk iradokitzen ditu Arsuagak margolanetan.
«Niretzat pintura, batez ere, bizitza prozesu bat da, eta hori mantendu nahi izan dut»
«Askotan esaten da pintura leiho bat dela; leiho bat paisaiara, edo edozein lekutara. Bada, niretzat, leiho izateaz gain, ate bat ere bada. Ate horiek margotzearen bidez zeharkatzen ditut, eta eramaten naute jakintza leku batzuetara, zeinak margotuz izango ez balitz, ez nituzkeen ezagutuko», margolariak bilduma erakutsi ahala azaldu ditu hausnarketak, eta gehitu du bere burua ezagutzeko bitartekotzat duela pintura. «Bere garaian sorta honetako dezente saldu nituen. Hala ere, salmentek ez didate inoiz bereziki eragin. Niretzat pintura, batez ere, bizitza prozesu bat delako, eta hori mantendu nahi izan dudalako».
Denbora eta paisaia
Hasieran hala badirudi ere, erakusketak ez du denbora lerro zorrotzik mantentzen. Eta horren erakusgarri da hurrengo aretoa. Arsuagaren hitzetan denboraren araberakoa ez den lotura bat dute hurrengo margolanek: «Garai batean hiriak margotzen aritu nintzen; eta gerora gaia berreskuratu nuen. Badira urperatutako hiriak, urrunetik ikusten direnak... Baina ez nuen hirien areto gisa izendatu nahi, ez duelako gai bakarreko egiturarik».
Aretoan koadro handi batek erakartzen ditu begiradak, eta Arsuagak azaldu du Roberto Matta margolariari egindako omenaldia dela. Urrundu gabe topa litezke artistak barne paisaiatzat izendatzen dituen beste zenbait lan ere: «Kanpoaldearen inolako erreferentziarik gabe margotu nituen. Pandemia garaian ateratzea debekatu ziguten, baina pinturaren bitartez pixka bat ateratzen nintzen. Horregatik diot barne paisaiak direla». Eta paisaiatik paisaiara, Udaberri lapurtua [Primavera robada] izenekoa ere ikus daiteke gertu: «Izenburu hori jarri nion pandemian udaberriak loratzen jarraitzen zuelako; guri lapurtu baziguten ere, naturaren indarrak jarraitu egiten zuen». Koadroen izenburuetan hitz zehatzak erabiltzen baditu ere, margolariak nabarmendu du «orokorrean irudikapen abstraktuak» pintatzen dituela, nahiz eta iradokitzen dituen paisaiaren zenbait elementu ere, horien artean, lurra, zerua eta abar.
Paisaiaz gain, denbora da Arsuaga «betidanik» erakarri duen beste gai bat, eta horren adibideak ere jaso ditu Aranburu Jauregiko erakusketan. Hain zuzen, zikloak eta bizitzaren faseak iradokitzen dituzte, besteak beste, Lau urtaroak [Cuatro estaciones] izeneko lau margolanek osatzen duten piezak eta Lau aldiz elur [Cuatro veces nieve] bildumak. Zenbait obra osatzeko Bernardo Atxaga idazlearekin elkarlanean jardun du Arsuagak, eta idazle asteasuarrak propio idatzitako olerkiak dituzte hainbat margolanek.
Atzera begirakoez gaindi
Erakusketa osatzeko iraganeko lanez gain, beste hainbat elementu ere hartu ditu kontuan margolariak. Horietako bat da, adibidez, inguruan duenarekiko lilura edo begirunea. Aranburu Jauregian behera eginez, Oria errekaren emaria izango du parez pare bisitariak, eta urarekin lotutako zenbait margolan jarri ditu bidean ikusgai Arsuagak.
Beheko solairura iritsi bezain laster, berriz, obra handi batek bereganatuko du ikuslearen begirada: Bide amaigabea [Senda infinita]. Artistak azaldu du margotzen hasi zenetik pintura «amaierarik ez duen bide bat» dela berarentzat: «Margotzen duzunean denboraren halako geldiune bat gertatzen da. Orduan, esan liteke pinturaren bitartez irits zaitezkeela momentu amaigabe horretara. Baina, aldi berean, ibilbide moduko bat ere bada».
Ez hori bakarrik, Arsuagarentzat Bide amaigabea koadroa «bizitza aitorpen» bat da: «Potentzia plastiko handiko margolana da, eta lan bakoitzak gustuko ditudan elementuak baditu ere, uste dut honek nahiko fin ordezkatzen nauela». Areto horretan margolanez gain hiru bitrina ere jarriko dituzte, eta bertan ikusgai egongo dira Arsuagak lanerako erabili izan dituen marrazki-blokak.
«Sumatu dut ‘ibilbide bat’ osatu dudala, eta orduan aukera zabaldu zaidala gehiago jolasteko»
Sortzeko hainbat modu izan ditu margolariak, eta horietako baten erakusle da Abesti arabiarra [Canción arabe]. Izatez, Paul Klee margolariari egindako omenaldi bat da, eta beste obra batek osatzen du sorkuntza prozesua: «Koadroa margotu eta urte batzuk pasa ondoren, berrinterpretazio bat egin nuen; baina lehena ikusi ere egin gabe, memoriaz. Erakusketan jarri dut nolabait islatzen duelako urteak aurrera egin ahala dena askoz jolastiagoa bihurtu dela. Nigan sumatu dut ‘ibilbide bat’ osatu dudala, eta orduan aukera zabaldu zaidala gehiago jolasteko».
Omenaldia eta gonbidapena
Lehen aipatu bezala, sortzeko bizitza esperientzietatik abiatzen da maiz Arsuaga, eta horixe irudikatzen du Lorategiak airean [Jardines en el aire] obrak ere. Osasun arazo bat izan zuela medio, mugitu ezinik geratu zen denbora batez margolaria, eta horrela sortu zituen margolan horiek: «Bizitzan ditugun gauzak ez dira betirako, edozein unetan gal ditzakegu. Mugitu ezinda geratu nintzen garaian zelda baten barruan sentitzen nintzen; baina ez kartzelaren zentzuan, monastegi edo hausnartze tonuan baizik. Garai hartan halako lorategi bat osatu nuen margolanetan, eta hortik dator izenburua».
Azkenik, beste omenaldi bat ordezkatzen duten margolariak ere jarri ditu ikusgai: «Aitonagatik datorkit Mariano izena. Kanbora (Lapurdi) erbesteratu eta han hil zen 36ko gerra amaitu baino lehen. Zure ideiekiko leiala izatea bizitzan zehar… Agian ez dugu saririk jasoko, baina badago garaipen bat horretan. Harengandik datorkit izena, eta hori nabarmendu nahi nuen».
Margolan batetik bestera hausnartuz kontatu ditu egileak obrak euren artean lotzen dituzten hari ezkutuak. Eta zehaztu du erakusketa ez dela bere ibilbidearen laburpen bat: «Lagin bat izan liteke, saiatu naiz urte askotan zehar egindako lana jasotzen. Baina, noski, hasierako lan asko ez daude, eta saldu edo emandako obrak ere ezin izan ditut jarri. Dena dela, oso pozik nago prestatu dudanarekin».
Ikusleari begira, berriz, adierazi du obraren informazioa ematen badu ere —besteak beste, nondik datorren izenburua eta hausnarketak—, norberak bere kabuz ikustea eta esperimentatzea nahiko lukeela: «Bakoitzak gauza ezberdinak uler, hausnar eta senti ditzake koadro bera begiratuta. Nik lurra prestatu dut, eta ea zer loratzen den». Hori horrela, bisitariari «denbora hartzea» edo «pauso motela» eskatu dizkio, tartea izan dezan Arsuagaren hari ezkutuak zein diren sumatzeko.

