Ertzaintzaren Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuko (SICTG) Ikernet Ziberkriminalitate Taldeak 2024an bere gain hartu zuen Gipuzkoako udal batek manipulazio informatiko bidez jasandako ustezko iruzur-delitu baten ikerketa (Andre operazioa). Iruzurra Man in the middle modalitatearen bidez egin zuten.
Delitu-modalitate horretan enpresen edo erakundeen arteko komunikazioak atzematen eta ordaintzeke dauden fakturak eskuratzen dituzte, unea iristen denean, horiek manipulatzeko, kontsignatutako kontu-zenbakia aldatuz eta funtsak iruzurgileen kontrolpeko banku-kontuetara birbideratuz. Segurtasun sailak adierazi duenez, metodologia horren bidez, iruzurgileek 41.382 euro eskuratu zituzten udaleko diru-kutxetatik.
Espainiako Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroak (CITCO) ezarritako koordinazio-prozeduren bitartez jakin ahal izan zen Murtziako (Espainia) Guardia Zibileko Arroba Cartagena taldea izaera bereko iruzur bat ikertzen ari zela (Marles operazioa). Kasu horretan, biktima Murtziako Fuente Álamo herriko enpresari bat zen, eta iruzurgileek harengandik 55.000 eurotik gora eskuratzea lortu zuten modus operandi bera erabiliz.
Bi ikerketak bat zetozela egiaztatu ondoren, bi polizia-kidegoetako agenteek beren lan-ildoak bateratu zituzten, eta ikerketa bateratu bat antolatu zuten, iruzurgileak identifikatzeko eta aurkitzeko. Bada, ikerketek egiaztatu ahal izan dutenez, talde kriminal horrek finantza-sare konplexu bat diseinatu zuen, usurpatutako nortasunekin banku-kontuak irekitzean oinarrituta. Horren bidez, iruzurrezko dirua zirkulazioan jartzen zuten denbora-tarte laburretan etengabe mugituz, kriptodirua erabiliz eta atzerrian kontuak irekiz, harik eta bere jatorri kriminaletik «deskontaminatzen» zen arte, arrasto ekonomikoaren trazabilitatea ahalik eta gehien zailtzeko eta funtsen legez kanpoko jatorria ezkutatzeko.
Instrukzio hori lau miaketarekin eta Alhama de Murcia herrian bi gizon atxilotuta amaitu da, iruzur egitea eta sistema informatikoetan legez kanpo sartzea, kapitalak zuritzea, dokumentuak faltsutzea eta talde kriminaleko kide izatea leporatu dizkien baterako operazioaren barruan.
Miaketetan, garrantzi bereziko gauzak atzeman dituzte; besteak beste, banda magnetikoak eta txipak dituzten txartel zuriak –ustez, ordainbideak klonatzeko erabiltzen direnak–, saltokiko terminalak (ST), gama altuko telefono mugikorrak eta telefono-operadoreen 50 SIM txartel baino gehiago, ustez beste pertsona batzuen identitateen pean erabiltzen zirenak eta ustez banku-kontuak iruzurrez irekitzeko funtsezko tresna izan direnak, talde horri sistema finantzarioan jarduteko nortasun usurpatuen sare bat emanez.
Horrez gainera, eskudirua eta beste pertsona batzuen dokumentazioa ere atzeman dituzte, eta Segurtasun sailaren arabera, horrek agerian uzten du talde kriminal horren gaitasun operatibo handia eta leporatzen zaizkien delituak egiteko erabilitako metodoen sofistikazioa. Bi atxilotuak, 22 eta 26 urtekoak dira, eta konfiskatutako gauzekin eta instruitutako eginbideekin batera, instrukzioaz arduratu diren Tolosako eta Cartagenako epaitegien eskuetan jarri dituzte.
Ertzaintzak, konfiskatutako materialean oinarrituta, ikertzen jarraitzen du antzeko beste kasurik izan den argitzeko.