LAB sindikatuak 26 manifestazio egingo ditu Maiatzaren Lehenean, eta horietako bat Tolosan izango da. Manifestazioa 12:00etan aterako da Trianguloa plazatik.
Langileok eragin lelopean langileek bizimodu duina bermatzeko «ezinbestekoak» dituzten hiru neurri zehatz aldarrikatuko ditu sindikatuak: etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak, eta soldata nahiz pentsio duinak. Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak nazioarteko testuinguruari egin dio erreferentzia: «Munduari begiratzen diogunean, zanpaketa eta gerra ikusten dugu nonahi: Palestina, Venezuela, Kuba, Groenlandia, Libano, Iran, zein izango da hurrengoa? Trump eta Netanyahu bezalako faxista eta genozidek jopuntuan dituzte munduko herriak eta langileak. Eta euren menpe jarri dira Europako agintari gehienak. Mozorrorik gabe azaltzen zaigu kapitalismoa: sistema bortitza, koloniala, heteropatriarkala da».
Arroyok ohartarazi duenez, finantza-krisiarekin, pandemiarekin edota Ukrainako gerrarekin gertatu bezala, Ekialde Hurbileko gerraren faktura langileei ordainarazten saiatuko da patronala, prezioak garestituz eta enpleguari nahiz lan-baldintzei eraso eginez. Horri erantzunez, LABek irmoki adieraziko du gerraren aurkako mezua Maiatzaren Lehenean.
Testuinguru ekonomiko ezegonkorrak langileen aldeko politikak egiteko premia areagotzen duela gehitu du: «Hasteko eta behin, langile guztiei eta pentsiodun guztiei gutxieneko diru-sarrera bat bermatu behar zaie, hots, gutxieneko soldata eta gutxieneko pentsio duina. Hori aldarrikatu zuten martxoaren 17an 100.000 lagun baino gehiagok Hego Euskal Herriko kaleetan».
Era berean, enpleguaren defentsan borrokan ari diren langileak gogoan izan ditu Arroyok, hala nola, greba mugagabean diren Aiaraldeako bi enpresetakoak, Maderas de Llodio eta Tubos Reunidos. «Euren enpleguaren eta, ondorioz, soldataren alde borrokatzen ari dira, baita eskualdeko eta, oro har, Euskal Herriko etorkizunaren alde ere». Ildo honetan, gutxi batzuen etekinak baino, denon bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua aldarrikatuko du LABek Maiatzaren Lehenean: gutxieneko soldata eta pentsio duina denontzat, bizitzaren garestitzeari aurre egiteko; arrakala matxista, arrazista, eta belaunaldi-arrakalarik ez; zerbitzu publikoak sendotu, hezkuntza, osasuna edota zaintza eskubidea bermatzeko; etxebizitzaren gaineko espekulazioarekin amaitu; eta industrian trantsizio ekosoziala bideratu eta enplegua defendatu.