Hiru jarduera Txirritaren heriotzaren 50. urteurrenean

Aitor Arroyo Askarai 2026ko apirilaren 24a

Txirrita zenaren senideak eta antolakuntzako kideak, Oargi elkartean. A. ARROYO

Maiatzerako hiru ekimen antolatu dituzte: ibilaldi gidatua Etxalarrera, solasaldia Oargi elkartean eta Txirrita Mendi Martxaren XI. edizioa.

Bost hamarkada beteko dira aurten Jose Bernardo Bidaola Atxega Txirrita lizartzarra Sara (Lapurdi) eta Etxalar (Nafarroa) arteko mugan desagertu eta hainbat egunetara bertan hilik aurkitu zutenetik. Efemeridearen harira, maiatzerako hiru jarduera antolatu dituzte senideek eta Tolosako Oargi elkarteak elkarlanean, hain zuzen, ibilaldia Txirrita topatu zuten ingurura, solasaldi bat eta Txirrita Mendi Martxaren XI. edizioa.

Heriotzaren 50. urteurrena berezia dela adierazi dute antolatzaileek, eta horregatik erabaki dutela ekimen gehiago antolatzea, mendi martxatik harago: «Garrantzitsua da Txirrita gogora ekartzea. 50 urte pasa dira eta ez da argitu zer gertatu zen».

Ibilbide gidatua

Maiatzaren 10ean —igandea— egingo dute irteera Etxalarrera, eta ibilaldian parte hartuko dute Txirrita desagertu zen uneko lekuko batek eta Ander Lizarralde historialariak, zeinak desagerpenaren 40. urteurrenean ikerketa egin eta txosten bat osatu zuen. Lekua bisitatzeaz eta gertakariei buruz dakitenaren berri ematearekin batera, «omenaldi txiki bat» ere egingo diote Txirrita zenari.

Antolatzaileek adierazi dutenez «benetan interesgarria» izango da irteera, zer gertatu zen«ahalik eta gertuenetik» ezagutzeko aukera emango duelako, nahiz eta oraindik ez den argitu zehazki zer gertatu zen. Ekimena ez dute lehenengoz egingo, ibilaldi berdina antolatu baitzuten, hain zuzen, duela hamar urte ere, desagerpenetik berrogei bete zirenean.

Solasaldia eta ibilaldia

Beste bi jarduerak, berriz, hilabete amaieran egingo dituzte. Bietan lehenengoa, solasaldia, maiatzaren 29an egingo dute Oargi elkartean, eta azaldu dute oraindik ez dutela «erabat itxi»: «Hainbat ideia ditugu esku artean. Batik bat mendizaletasunari buruzko solasaldia izango da, eta horretan ere presente izango dugu Txirrita».

Hirugarren jarduera, berriz, maiatzeko azken egunean izango da: Txirrita Mendi Martxa. Lau urtean behin antolatzen dute ekimena, eta hamaikagarren edizioa izango du aurten. Ohi bezala, bi ibilbide egongo dira aukeran: laburrak 22 kilometroko ibilbidea izango du, eta 1.500 metroko desnibel positiboa; eta luzeak, berriz, 40 kilometroko ibilbidea eta 3.000 metroko desnibel positiboa. Antolatzaileen arabera laburra egiteko zortzi ordu behar dira, gutxi gorabehera; eta luzea egiteko, berriz, hamabi ordu. Batean zein bestean Aralarko hainbat gailur pasako dituzte, eta Amezketan hasi eta bukatuko dira biak ala biak.

Aipatutako jardueretan dagoeneko eman daiteke izena, eta maiatzaren 24a izango da mendi martxan izena emateko azken eguna. Antolatzaileek nabarmendu dute «ohi bezala» mendi martxan galarazita dagoela korrika egitea, eta kontrol puntuak jarriko dituztela bertatik igarotzeko gutxieneko zein gehieneko denbora-tarteekin.

Bost hamarkada

Txirrita 1976ko apirilaren 25ean desagertu zen, eta maiatzaren 28an topatu zuten haren gorpua, Sara inguruko basoan. Denbora tarte horretan hainbat bilaketa saio egin zituzten inguru hartan Txirritaren gertukoek, eta Tolosatik Oargi Mendi Elkarteko kideek ere irteerak egin zituzten bertara, elkarteko kide baitzen Txirrita; ez zuten, ordea, ezer aurkitu. Azkenean, Sarako aguazila izandako gizon batek topatu zuen hilotza.

Garai hartako poliziaren kontakizunak Txirritak bere buruaz beste egin zuela aditzera eman bazuen ere, kontaera hori gezurtatu egin zuen 2018an Paco Etxeberria auzitegi medikuak egindako autopsiak.

Erlazionatuak

Historia berridazten

Maier Ugartemendia 2016 mai 27 Lizartza

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!