Kubarako bilketa solidarioa egiten ari dira Euskal Herriko Kontseilu Sozialista eta Ikasle Antolakunde Sozialista, Euskadi-Cuba elkartearekin, eta eskualdean ere antolatu dituzte oinarrizko produktuen bilketak. Iraia Sanchez (Ibarra, 1999) eta Mattin Lasa (Ibarra, 2009), hurrenez hurren EHKSko eta IASeko kideek, azaldu dute «elkartasuna antolatzeko eta praktikan jartzeko unea» dela, eta ezinbestekotzat jo dute «inperialismoa bere forma guztietan» salatzea ere. Produktuak jasotzen ari dira eskualdeko hainbat ikastetxetan, eta zazpi herritan postuak jarriko dituzte ostiralean zein larunbatean.
Zer dela eta antolatu dituzue bilketak?
Iraia Sanchez: Kuba muturreko egoera batean dago Ameriketako Estatu Batuek (AEB) ezartzen dioten blokeo kriminalaren ondorioz. Hori dela-eta, eguneroko errealitatearen parte bihurtu zaizkie itzalaldiak eta erregaien murrizketak.
Mattin Lasa: Horrek dakarren guztiarekin, hau da, arazoak dituzte elikagaiak zein ura eskuratzeko; eta ez hori bakarrik: garraioa erabiltzeko ezintasunak dituzte, eta kalte nabarmenak ari dira jasaten osasungintzan eta hezkuntzan, besteak beste.
Egoera gogortu egin da?
Sanchez: Pentsa, aipatutakoa gutxi ez, eta inperialismo yankiaren eskutik interbentzio militar baten mehatxupean bizi dira. Horren erakusle da Pentagonoak balizko eraso armatu baterako zuzentarauak aktibatu berri dituela.
Lasa: Gainera, Kuba herrialde sozialista bat da, eta elkartasun internazionalista praktikan jarri izan duen herrialde baten eredu: laguntza eta elkartasuna zabaldu izan ditu munduko hainbat tokitara. Horren adibide dira hainbat lekutara bidali izan dituzten mediku-brigadak, eta Covid-19aren pandemian birusaren aurkako txertoak ere bidali zituztela.
Sanchez: Horregatik diogu orain guri dagokigula eta beharrezkoa dela elkartasuna antolatzea eta praktikan jartzea.
Nola antolatu dituzue bilketak?
Sanchez: Oinarrizko produktuak Euskal Herri osoan bilduko ditugu EHKStik eta IASetik, Euskadi-Cuba elkartearekin elkarlanean.
Lasa: Hori da, eta bilketetan hainbat motatako produktuak entregatu daitezke, zehazki, osasun materiala, elikagai ez galkorrak, elikadura osagarriak, kirol materiala, eskola materiala, higiene produktuak eta garbitzeko materiala. Eskualdeko hainbat ikastetxetan hilaren 13an hasi ginen produktuak jasotzen, eta ostiralera arte jarraituko dugu; zehazki, Tolosako Laskorainen zein Inmakuladan, eta Villabonako Zubimusun.
Eta ikastetxeetatik kanpo?
Sanchez: Ikastetxeetatik kanpo larunbatean jarriko ditugu biltzeko postuak sei herritan: Alegian, Asteasun, Ibarran, Tolosan, Villabonan eta Zizurkilen; Anoetan ere jarriko dugu, baina ostiralean izango da. Larunbateko postuetan 10:00etatik 14:00etara egongo gara.
Lasa: Zentzu horretan, lagundu nahi duten guztiak animatu nahi ditugu ikastetxeetako zein herrietako postuetara gerturatzera eta euren aletxoarekin ekarpena egitera.
Zergatik da beharrezkoa halako ekimenak antolatzea?
Sanchez: Batetik, nabarmendu nahi dugu ezinbestekoa dela inperialismoa bere forma guztietan salatzea; eta, bestetik, beharrezkoa dela langileon arteko elkartasun sareak sendotzen jarraitzea.
Lasa: Geldirik geratuz gero, ez bagara gure kabuz antolatzen... Langileria kondenatuta dago gerra eta inperialismoa zabaltzen ari diren mundu honetan herrialde bateko edo besteko burgesiaren interesetara azpiratuta geratzera.
Bilketa guneak
- Apirilaren 13tik 24ra.
- Tolosa. Laskorain eta Inmakulada ikastolak.
- Villabona. Zubimusu ikastola.
- Apirilaren 24an.
- Anoeta. Plazan, 17:00etatik 20:00etara.
- Apirilaren 25ean.
- Alegia. Eroski parean, 11:00etatik 14:00etara.
- Asteasu. Plazan, 10:00etatik 14:00etara.
- Ibarra. Coviranen eta anbulatorioaren alboan, 10:00etatik 14:00etara.
- Tolosa. Iurre auzoko Eroskian, BM supermerkatuan eta Triangulo plazan, 10:00etatik 14:00etara.
- Villabona. Malkar plazan, 10:00etatik 14:00etara.
- Zizurkil. Plazan, 10:00etatik 14:00etara.