Asteburu iluna eskualdeko pilotarientzat

Ataria 2026ko apirilaren 20a

Altuna III.ak, Jakak eta Peña II.ak euren buruz buruko partidak galdu zituzten. Lehen biek, zortzi tanto besterik ez zituzten egin. Peña II.ari bi tanto kendu zizkien, atxikiak medio. Iñaki Artolak larunbat honetan jokatuko du, hain justu, Jon Ander Peñaren aurka, Durangon.

Buruz buruko txapelketa une erabakigarrian sartzen ari da, eta A multzoko eskualdeko bi pilotarientzat gauzak aldapa gora daude. Elkarren aurka jokatuko dute Jokin Altunak eta Erik Jakak maiatzaren 3an Legazpin. Bai ala bai irabazi beharreko partida izango da bientzat, baina hala eta guztiz ere, finalerdietarako txartela ez daukate euren eskura; Dario eta Lasoren arteko lehiari begira egon beharko dira amezketarra eta lizartzarra.

Ostiralean, Dariok 22-8 irabazi zion Altuna III.ari Gernikan. Errioxarrak dena ondo eta dotore egin zuen, eta partida amaieran amezketarrak esan bezala, «gainetik» pasatu zitzaion. Txapelketan etorkizun iluna duela esan zuen jarraian, baina, dena azken jardunaldian erabakiko da. Erik Jakak ere 22-8 galdu zuen Lasoren aurka. Bigarren zatian nafarra erabat nagusitu zen, eta betiko Laso itzuli dela erakutsi zuen. Lizartzarrak emaitza argi batekin irabazi beharko lioke amezketarrari Legazpin, eta horrez gain, Darioren garaipena beharko luke.

B multzoan Jon Ander Peñak jokatu du asteburuan Zabalaren aurka. Partida parekatzear zela, epaileek bi tanto kendu zizkioten, atxikiak medio. Kalte handia eragin zien tolosarrari, eta Zabalak partida ixteko aprobetxatu zuen polemika, 22-17. Ligaxkako bigarren partida Durangon jokatuko du Peña II.ak, lehen partida galdu zuen Iñaki Artolaren aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!