Tolosaldeko Kontsumo Bulegoko arduradun Ainhoa Orrantiak adierazi duenez, Autoen Kartelaren inguruan kontsulta ugari ari dira egiten herritarrak. Autoen Kartela automobilgileen hogeita hamarretik gorako enpresek egindako jarduera abusibo eta murriztaileekin lotzen da. 2006 eta 2013 artean egindako legez kanpoko akordioek eragin zuzena izan zuten erosleengan, eta hori dela eta, kaltetuek kalte-ordaina eskatu dezakete. Erreklamazioak egiteko epea urte honetan amaitzen da.
Orrantiak azaldu duenez, erreklamazioak auzitegietan egin behar dira. «Epaileek kasuz kasu epaitu behar dute, eta kaltetua izatekotan, kalte-ordaina ezarri behar du kasu zehatz bakoitzerako». Izan ere, kalte-ordaina aldatu egiten da markaren, ibilgailu-modeloaren, kontzesionarioaren edota matrikulazio-urtearen arabera, eta hori guztia baloratu egin behar da txosten perizial baten bidez. «Ideia bat izan dezazun, gaur egun, epai judizialek aitortutako kalte-ordainak ibilgailuaren prezioaren %5-10 ingurukoak dira», esan du.
Bada, kaltetuek bi aukera dituzte. Batetik, abokatua, prokuradorea eta peritoa kontratatu dezake kaltetuak, eta bestetik, kontsumitzaileen elkarte pribatu baten bitartez egin dezake. Kontsumitzaileen elkarte pribatu baten bidez bideratu ahal izateko haren bazkide izan behar da. «Bi kasuetan, batean eta bestean, argi izan behar duzu txosten perizial bat behar izango duzula izandako kalte ekonomikoa epailearen aurrean erakusteko».
Erreklamazioa egin edo ez zalantzan dauden kaltetuei ahalik eta lasterren judizioz kanpoko erreklamazioa bideratzea gomendatzen die kontsumo bilegoko arduradunak, «bai kontzesionarioari eta bai markari berari». «Nolanahi ere, zuk zeuk egin edo aipatutako profesionalen bidez egin, auzibidetik kanpoko erreklamazioa beharrezkoa eta nahitaezkoa da auzibidera jo aurretik».
Norbera kaltetua den edo ez jakiteko, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren (CNMC) webgunera jotzea da bidea. Bertan, Ibilgailuen Kartelak eragiten dien markak eta horien helbideak kontsulta daitezke.